GARAZI ABRISKETA ETA AITANA IZAGIRRE

"Mirentxin Gidariak ekimenaren furgonetekin Granadara eraman eta ekartzen genituen Euskal Preso Politikoen senide eta lagunak"

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 8a, 07:00

Garazi Abrisketa eta Aitana Izagirre Granadaraino gidatu dituzte Mirentxin Gidariak taldeko furgonetak.

GARAZI ABRISKETA (Zollo, 1988) eta AITANA IZAGIRRE (Zollo, 1993) Mirentxin Gidariakekimenaren parte izan dira eta euren esperientzia azaldu dute, baita taldearen disoluzioak utzi dien sentsazioa ere.

Zenbat denbora aritu zineten Mirentxin Gidariak taldean?

2019ko martxoan egin genuen gure lehenengo bidaia gidari moduan. Oso denbora gutxi eman dugu taldean, koronabirusaren krisiaren ondorioz bisitak debekatu eta bidaia asko eten behar izan baitziren, bai 2020an baita 2021ean ere.

Zergatik erabaki zenuten ekimenera batzea? 

Orain dela urte batzuk, lagun batzuk bisitatzen hasi ginen. Orduan beste gidari batzuek eramaten gintuzten. Bidaia oso bereziak izaten ziren haiek, urte haietan euskal preso politiko ugari zegoen kartzela bakoitzean, eta bi furgoneta betetzeko adina jende joaten ginen, gure kasuan Fontcalenteko kartzelera.

Espazio oso txikian jende asko batzen ginen, eta ordu batzuetako familia txiki bat osatzen genuen. Euskal Herriko hainbat txokotako jendea ezagutu eta elkarrekin bazkaltzen genuen. "Euskal Herrian jende marabillosoa dago" esaldia sarri errepikatu genion elkarri. 

Guk denbora tarte laburra pasatu genuen bisitetan, baina bagenekien senide ugari hamarkada luzez eta astebururo joaten zirela. Egindako bidaia horietan zehar, guk ere gidari izan nahi genuela pentsatu genuen, eta horrela ekimenari ekarpen txikia egin. 

Nola funtzionatzen zuen Mirentxinek? Zenbateko maiztasunarekin gidatzen zenuten? 

Gu Bilbo Handiko taldearen parte izan gara, talde honetan lau hileko bakoitzean egiten genuen bidaia bat. Hilabete hasieran egutegia partekatu eta bikote bakoitzak hobeto zetorkion asteburua aukeratu eta gordetzen zuen. Norberaren ardura zen bidaia egiteko prest egongo zen lagunen batekin hitz egitea zerbait gertatuz gero (gaixotasunak, konfinamendua…) bietako baten ordez joateko. 

"Gure bidaiek Granadako kartzela zuten helmuga, Albolote. Bederatzi bat orduko bidaia da"

Gure taldeak Albolote, Granada, zeukan helmuga. Bederatzi bat orduko bidaia izaten zen, eta atsedenaldiak gasolina botatzeko edo senideren batek behar zuenean egiten genituen. Horretaz gain, astebururen batean Granadan bisitarik ez eta beste kartzela batera bi furgoneta atera behar baziren, horretarako ere prest egon behar genuen. 

Biok gidatzen genuen, bidaia erdibana gutxi gorabehera, batak besteari elkarrizketa emanez.

Zein ibilbide egin zenituzten?

Ostiraletan ateratzen ginen. Bizkaiko senide edo lagunen bat batu behar izanez gero, lehenengo geldialdia Miribillako gasolindegian, Bilbon, egiten genuen, ostean Lopidanako gasolindegira joateko. Bertan jasotzen genituen gainontzeko bidaiariak gaueko hamarrak aldera. Euskal Herritik Burgosera, Madril gurutzatu eta Andaluziara bidean jartzen ginen. 

Larunbat eguerdi edo arratsalde partean egiten genuen buelta. Carlos III. tabernan zerbait jateko geldialditxoa egin eta Euskal Herrira bidean jartzen ginen. Senide guztiak utzi ostean, furgoneta itzuli eta Zollora. 

Nolakoa zen giroa bidaietan?

Giroa atsegina izaten zen. Kartzelara egiten genuena, gauez, oso lasaia, normalean senideak lokartzen saiatzen zirelako, nahiz eta urduritasuna antzeman. Beraz, gure artean bajutxu berba eginez eta Su Ta Gar, Olatz Salvador, Zopilotes Txirriaos eta holakoen konpainian, bolumen bajuan, egiten genituen bidaiak. 

Bueltako bidaia, berriz, barruan utzitakoen istorioak edota bisiten gorabeherak entzuten pasatzen genuen. Opariren batekin ere egin izan dugu buelta: presoek guretzako egindako larruzko karterak, arrakadak...  

"Euskal Herritik Burgosera, Madril Gurutzatu eta Andaluziara bidean jartzen ginen"

Nola jaso duzue disoluzioaren albistea?
Sentsazio gazi-gozoarekin. Pozik gaude, baina hurbilketak berandu iristen ari dira. Dispertsioa inoiz gertatu behar izan ez zen zerbait da, eta sufrimendua, istripuak eta baita hildakoak ere eragin ditu. Jende berezia ezagutu dugu eta guretzako aberasgarria izan da bidaia hauen parte izatea, eta benetan pozten gaitu bidaia luze horiek berriro egin behar ez izateak, senide eta lagun guzti horiengatik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide