Saibigainen hildako gudariak omenduko dituzte, euren artean Eduardo Astondoa Beobide arrankudiagarra

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 8a, 07:10
Arana Goiri bataloiko kideak. / Eusko Jaurlaritza

Apirilaren 14an Saibigain mendian bertan omenduko dituzte duela 85 urte hil ziren gudari eta milizianoak. Borrokan bizitza galdu zuenen artean Eduardo Astondoa Beobide zegoen, Arrankudiagako bizilaguna.

Apirilaren 14an 85 urte beteko dira Errepublikaren indarrek Saibigain mendia hartu zutenetik. Borroka latz horretan, euriteen eta hotzaren erdian, hainbat borrokalarik galdu zuten bizia, Eduardo Astondoa Beobide arrankudiagarra, adibidez.

Armada faxistaren aurka hil zirenak omentzeko -gorpu asko ez ziren berreskuratu- Gogora Institutuak, Abadiñoko Udalak eta memoria historikoa lantzen duten taldeek ekitaldia egingo dute apirilaren 14an Saibigaingo tontorrean 11:00etan, eta 10:00etan Urkiolako Santutegian hitzordua dago elkarrekin igotzeko.

Saibigaingo batailak

1937ko martxoan, Mola Generalaren aginduz, indar faxistek Bizkaia erasotu zuten. Otxandio hartu ostean, Saibigain okupatu zuten. Defendatzaile errepublikarrek pentsatu zuten toki hori estrategikoa izango zela etorkizunean -Urkiolako mendatea kontrolatzea ahalbidetzen zuen- eta erasora jo zuten behin baino gehiagotan.

Apirilaren 12an, miliziano asturiarrek egindako ahalegin odoltsuaren ondorioz -33 hildako eta 18 desagertu- Saibigain berreskuratu zuten, baina ez zuten denbora luzez iraun, puntako artilleria modernoa baliatuta -88 milimetroko AA kanoi alemaniarrak- bota baitzituzten faxistek.

Apirilaren 14an, ordea, Arana Goiri bataloiaren gain erori zen Saibigain hartzeko ardura

Aiaraldear ugari Saibigainen

Eduardo Astondoa ez ezik, Aiaraldeko herritar gehiago ere aritu ziren borrokan. Ardura gehien zituena Juan Ibarrola izan zen. Teniente laudioarra ez zegoen ados operazioarekin, uste baitzuen soldadu mordoa galduko zituela, baina bere buruzagien aginduak jarraiki, prestatu zuen.

Juan Ibarrola tenienteak prestatu zuen Saibigaingo bataila odoltsua

Prestaketa horietan, talkak izan omen zituen Felipe Bediaga Arana Goiri batailoiko komandantearekin. Hain zuzen, eta eguraldi petrala zela medio, Bediagak ez zuen bideragarri ikusten helburuak betetzea eta Ibarrolak derrigortu zuen bere gudariak erasora eramatera.

Emaitza odoltsua

Apirilaren 14an Arana Goiri batailoiak Saibigainera jo zuen eta, dena aurka izanda ere, lortu zuen tontorra hartzea. Felipe Bediaga espainiar ikurra kentzen ari zela, ikurrina jartzeko, hil zuten. Ahaleginak, azkenean, ez zuen balio izan lekuari eusteko eta borroka bukatu zenean, Arana Goiriren 50 gudarik galdu zuten bizitza. Horrez gain, 100 zauritu egon ziren.

Hildakoen artean Eduardo Astondoa Beobide zegoen. Zaurituei dagokienez, Arrankudiagako beste gizon batek eskua galdu zuen; Evaristo Arrazuriak, hain zuzen. 

Arrankudiagako gudariak

Herri txikia izan arren, Arrankudiaga-Zolloko lagun asko batu ziren Arana Goiri unitatera; Lázaro eta Eduardo Gorrotzategi Bilbao, Pedro Gardeazabal, Félix eta Juan Mari Arebiotorre Reketa, Evaristo Arrazuria Galindez, Eduardo Astondoa Beobide eta Domingo Egia Zabala.

Eduardo Astondoa Beobidek ez ezik, Arrankudiaga-Zolloko gudari gehiagok ere parte hartu zuten Saibigaingo borrokan eta batek eskua galdu zuen

Horietako hiru ez ziren itzuli gerratik. Astondoa Saibigainen hil zuten, Eduardo Gorrotxategi Bizkargin maiatzean eta Domingo Egia Zabala Lekeition martxoan.

Hori gutxi balitz, armada frankistak indarrez eraman zuen Eduardoren anaia, Eustakio Astondoa Beobide, zerbitzu militarra egitera, eta Teruelgo batailan hil zen. Berez, Arrankudiaga-Zolloko memoria historikoko taldeak euren arrebarekin harremanetan jartzen saiatuko da, omenaldira joan dadin.

Artikulua idazteko dokumentazio guztia Arrankudiaga-Zolloko memoria historikoko taldeak landu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide