Euskal Preso Politikoen egoera politiko-juridikoa izenburupean, Sare Herritarrak mahai ingurua egingo du gaur 20:00etan Arrankudiagako Txondor Gaztetxean. Kolektibo horren erronkei buruz mintzatzeko, hiru preso politiko ohi gonbidatu dituzte: Txema Matanzas, Fernando Alonso eta Galder Barbado.
Txema Matanzas abokatuak 10 urte igaro zituen espetxean 18/98 makroepaiketa famatuaren ondorioz. Euskal Preso Politikoen abokatua izan zen urte luzez aurretik. Fernando Alonsok 20 urte baino gehiago bete ditu kartzelan ETAko kidea izatea egotzita. Atxilotu zutenean Egin egunkariko kazetaria zen eta hainbat libururen egilea ere bada, besteak beste ¿Por qué luchamos los vascos? edo Una flor en el juzgado.
Azkenik, Galder Barbado Bonilla amurrioarrak hartuko du hitza. Gaztea 2019an atxilotu zuten eta sei hilabetez espetxean egon ondoren, baldintzapeko askatasunean geratu zen. 2021ean epaitu zuen Entzutegi Nazionalak eta Angela Murillo epaileak 4 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Une hauetan bere helegitearen emaitzaren zain dago eta ANkerkeria Stop! egitasmoa abian da bere egoera eta Aitor Zelaiarena salatzeko.
Hirurek eztabaidatuko dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboari buruz, aintzat hartuta azken aldaketak -gradu moldaketak, sakabanaketa...-. Hitzaldia 20:00etan hasiko da, 19:30ean presoen aldeko elkarretaratzea egingo baitute Herriko plazan.