Laburbira ekimenak 20 urte beteko ditu aurten eta Aiaraldeko lan bat egongo da antolatzaileek hautatutako zazpi filmeen artean. Ane Cuesta Monge zollotarraren Asko falta da? pelikula laburra izan da aukeratu dutena eta zuzendariak poztasunez hartu du: "Banatzaile batekin egon gara lanean, baina jaialdi bakarrean hautatu zuten pelikula. Behin banaketa enpresarekin hitzarmena amaituta, ikusi genuen Laburbiran parte hartzeko epea ireki zutela eta izena eman genuen. Pozik gaude hautatu gaituztelako eta aukera bikaina izango delako gure lana Euskal Herrian ezagutzera emateko".
Aipatu behar da Laburbiraren 34 emanaldi egongo direla hurrengo asteetan Hego Euskal Herriko hainbat txokotan.
Film laburrari dagokionez, gai arantzatsua jorratzen du, gertakari batean baitago oinarrituta. "Apur bat fikzionatu badugu ere, jazotakoa islatzen du. Alegia, neska bat asteburu pasa joan zela bere lagun batekin eta ezezagunak ziren mutil batzuekin eta bortxatu zutela", argitu du zinemagileak.
Crowfundinga
Ane Cuesta Mongek diru bilketa abiatu zuen Asko falta da? egiteko. Soinua, etalonajea eta antzezleei ordaintzera bideratu zuten lortutako dirua. Aintzat hartu beharra dago proiektura batu ziren aktore batzuk Go!azen telesaioan agertzen zirela eta boluntario lanetan aritu arren, profesionalak direla.
Soberan geratu zen dirua enpresa banatzaile baten zerbitzuak kontratazeko baliatu zuten.
Film berria muntaketa fasean
Zollotarra Euskal Herriko Zinema Eskolan zuzendaritza ikasten ari da eta hainbat proiektutan buru-belarri dabil: "Astebururo film laburra grabatzen dugu".
Edonola ere, graduko amaiera lana egin behar duenez, pelikula laburra sortzen ari da orain: "Pelikulak kontatzen du neska baten lehenengo harremana masturbazioarekin. Asmoa da jaialdietan aurkeztea eta modu horretan bere ibilbidea ere egitea".
Aldiz, Laburbira amaitzean, bere ideia da Asko falta da? ikusgai jartzea Internet bidezko doako plataformaren batean.