UEMAn sartzeko eskaera egitea onartu dute aho batez Arrankudiaga-Zolloko udalbatzan

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 7a, 20:40

Arrankudiaga-Zolloko udaletxea artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko herriko biztanleriaren %70ak euskaraduna izan behar du eta Arrankudiaga-Zollok baldintza hori betetzen du.

EH Bilduk eta EAJk adostu dute gaurko udal osoko bilkuran Arrankudiaga-Zollok ofizialki eskatzea UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea.

Txutxi Ariznabarreta alkateak argitu duenez, eskaera UEMArekin landu dute azken hilabeteetan eta mankomunitateak berak animatu du herria, ikusita bere biztanleriaren %70 euskaraduna dela.

Izan ere, hori da bete behar den ezaugarri nagusia. "Udal euskara arloaren helburuetako bat UEMAn parte hartzea da" adierazi du Ariznabarretak.

Aho bateko aldeko botoarekin oniritzia eman diete erakundeko estatutuei, erabakia publiko egiteari eta urtero 6.100 euro inguruko ekarpena egiteari mankomunitatean.

Alkateak azaldu duenez, "UEMAk aholkularitza eskainiko dio Udalari. Izan ere, Arrankudiaga-Zollon bezala, beste leku batzuetan euskara jakintza handitu den arren, erabilera ez da hazi. Beste herri batzuen esperientziak partekatzeko aukera izango dugu mankomunitateko aholkulariekin".

Martxoaren 25ean UEMAk batzar orokorra egingo du Azpeitin eta Arrankudiaga-Zolloko hautagaitzarekin eta beste hiru udalerriren eskaerekin, mankomunitatea 100 kidera helduko da.

Printzipioz, egitasmoan ordezkaritza herrikoiak parte hartzea sustatuko dute. Hau da, udal ordezkari publikoak ez ezik (Txutxi Ariznabarreta EH Bildutik eta Olatz Alamillo EAJtik), Arrankudiaga-Zollon euskalgintzan aritzen direnak ere joatea nahi dute.

Aipatzekoa da Arrankudiaga-Zollo izango dela UEMAn sartuko den Aiaraldeko bigarren udalerria, Orozkok egin baitzuen 2017an.

Mendi eta baso plana

Udalbatzan aho batez onartu den beste gai garrantzitsua izan da mendi eta baso kudeaketaren plana. Dokumentu hori Bizkaiko Foru Aldundiari bidali behar diote orain eta herriko ondasun eta bitarteko naturalen kudeaketarako tresna garrantzitsua izango da.

Alde batetik, udalerriko mendi eta basoen inbentarioa da, jabegoa zehaztuta, baina, horrez gain, etorkizunean mendiak eta basoak zertara bideratuko diren ezartzen du, Arrankudiaga-Zollo ingurumena jasangarria izan dadin ekonomikoki zein ekologikoki.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide