San Joan gaua baliatu zuten Arrankudiaga-Zolloko zenbait gurasok aurten abiatutako sinadura bilketa batekin bat egiteko. Egitasmo horrekin exijitzen ari dira Usansoloko Ospitalean egingo dituzten obra handietan pediatria eta arrisku baxuko erditzeen zerbitzuak ere aintzat har ditzaten.
Aldarrikapen hori Arrankudiaga-Zollora zabaltzeko San Joan jaian mahaia jarri zuten sinadurak biltzeko eta geroztik Gizarte-Etxean ere sinatzeko aukera dago. Printzipioz, ekimena uda amaiera arte luzatuko dute eta euren asmoaren barruan ere badago udalbatzan mozioa aurkeztea.
Gauzak horrela, beste talde bat atxikitu da kanpainara, Aiaraldean Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak, Kili-kili Laudioko Hazkuntza Taldeak, Orozkoko Matxintxu Emakumeen Elkarteak eta Laudioko Mugimendu Feministak egin baitzuten aurretik.
Zergatik pediatria eta erditzeak Usansoloko Ospitalean?
Sinatzaileek aldarrikatzen dute pediatria eta arrisku baxuko erditzeak “oinarrizko zerbitzuak” direla eta horiek herritarren esku jartzea “osasun ekitatearen aldeko neurria” dela.
Izan ere, kexu dira eskualdeko umeek larrialdi bat dutenean edo ospitaleratu behar dituztenean Gurutzetaraino jo behar dutelako eta etengabeko joan-etorriak egin behar dituztelako.
“Bestetik, gure eskualdeko emakume haurdunek ez dagokien eta ezezaguna zaien beste ESI bateko ospitalera joan behar izaten dute erditzera: Gurutzetako Ospitale erraldoira, kasu. Horren aurrean, emakume askok erabakitzen du ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien erditze eredu indibidualizatuagoen bila. Dena den, ospitale horiek beste eskualde batean daudenez, eskualde hartako pazienteek dute lehentasuna, eta gerta daiteke, erditze egunean lekurik ez bada, beste ospitale batera joan beharra”, gaineratu dute.
Usansolon bertan pediatria eta erditze zerbitzuak izatea “haur eta emakumeen osasun arretaren aldeko neurri garrantzitsua” dela adierazi dute, “arreta indibidualagoa, hurbilagoa tratuz, ezagunagoa eta euskaldunagoa” ekarriko lukeelako.
Horrez gain, zerbitzu horien funtzioa azpimarratu dute: “Emakumeon osasunerako onuragarriagoa den eta emakumeok ahalduntzeko erditze-espazio eta erditze-eredu humanizatuagoa eta genero perspektibatik landuagoa behar eta nahi dugu”.