Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak topatu dituzte Valladoliden eta herriratzeko prozesua abiatuko dute

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 16a, 07:00

Angel Egaña irudiaren erdian zutik. / T. E.

Arrankudiaga-Zolloko herritarren eta Valladolideko oroimen historikoko elkarteen elkarlanari esker identifikatu dute eta gorpuzkiak jatorrizko herrira ekartzea izango da hurrengo urratsa.

Atzo eginiko Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko gudari fusilatuen omenaldian jakinarazi zuten Angel Egaña (Aingeru esaten zioten etxean) borrokalariaren gorpuzkiak identifikatu dituztela Valladolideko El Carmen hilerrian. Han beste 2.650 errepresaliaturen gorpuekin dago.

Dena den, informazioa ez da gaurkoa. Arrankudiaga-Zolloko historia berreskuratzen aritzen den Txomin Egiluzek, senide batek (DNA probarako laginak eman zituenak) zein Udalak bazekiten, baina gudaria herriratzearen zain zeuden horren berri emateko, prozesua hastear baitaude.

Berez, arrankudiagarrak irailean jarri ziren harremanetan Gogora institutuarekin eta honek azaldu zien Egañari egindako bigarren DNA proba positiboa izan zela (lehenengoak ez zuen berretsi).

Hala ere, atzoko ekitaldira jende ugari bertaratu zenez, aukera baliatu zuten eta Angel Egañaren gorpuzkiak herrira ekartzeko ahaleginak hasi dituzte jadanik. Berez, senide baten eskaera ofizialaren zain daude eta Valladolidera joko dute bere bila.

Egiluzek goraipatu nahi izan du Valladolideko Oroimen Historikoko Elkartearen lana, eta bereziki Julio del Olmok eginikoa.

Angel Egaña, gudaria eta fusilatua

Valladolideko hilerrian bertan eraildako errepresaliatuen omenezko ekitaldia egin zutenean, Arrankudiaga-Zolloko Udalak oharra zabaldu zuen Egañaren ibilbidea azaltzeko: "Angel Egaña 1914an jaio zen Arrankudiagan eta 1936an estatu kolpe faxistaren aurrean euskal milizietako Padura batailoian sartu zen. Hainbat gerra frontetan hartu zuen parte teniente karguarekin. Bereziki aipagarriak Gorbeiako borrokaldiak. 1937ko ekainean Bilbo erori ondoren, Santander aldera egin zuen batailoiak eta Santoñan atxilotu zuten faxistek irailean. Azaroan Valladolidera eraman zuten eta abenduan egin zen gerra-kontseiluan heriotza zigorrera kondenatu zuten. 1938ko ekainaren 2an fusilatu zuten Valladoliden eta El Carmen hilerriko 7. hobi komunean lurperatu zuten".

Identifikazioa, anarkista bati esker

Txomin Egiluzek aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari Emilio Cruz Rafael Pedrero Mardones anarkistaren agerpenak asko erraztu duela identifikazioa: "Angel Egaña Valladolideko anarkista batekin fusilatu zuten. Gizon hori militante oso ezaguna eta fina zen. Medikua zen eta unibertsitateko irakaslea. Estatu kolpe faxista izan zenean, lortu zuen ihes egitea, baina gero frankistek topatu zuten, ezkutatzen ari zirenak diru truke egiten baitzuten eta Mardonesen familiak ez zuen bitartekorik gehiago ordaintzeko. Poliziak eta falangistek gorroto handia ziotenez, sekulako jipoiak eman zizkioten eta ziega batean sartu zuten, ia hilik, barne lesio ugarirekin. Ezustean, anarkista honek aurrera egin zuen, baina burua galdu zuen torturen ondorioz eta saiatu zen bere buruaz beste egiten. Erregimenak ekidin zuen, baina soilik Egañarekin fusilatzeko geroago".

Dirudienez, CNTko militantea ezaugarri fisiko bereizgarriak zituen (1,90 metroko altuera) eta Angel Egañarekin erail zutenez, gizon garai baten gorpuzkiak topatzean, suposatu zuten Egaña zela berarekin zegoena. DNA probek berretsi dute hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide