Ekintza berezia antolatu zuten Arrankudiaga eta Zolloko Emakume Sareko kideek Azaroaren 25aren testuinguruan. Biolentzia matxistaren kontrako Women in black perfomancea egin zuten Arrankudiagako plazan. "Indarkeria mota hori ikustarazteko eta kontzientzia hartzeko sortu zuten ekintza hori May Serranok eta María Secok 2013an", azaldu dute emakume sareko kideek, "munduko hiri askotan egin da: Mexikon, Kolonbian, Portugalen, Frantzian, Euskal Herriko herri askotan eta oraingoan gurean, Arrankudiaga eta Zollon".
63 emakumek hartu zuten parte ekimenean. Plazako zoruan etzan ziren, beltzez jantzita, isilik, beste kide batzuek euren siluetak klarionaz marrazten zituzten bitartean. Modu horretan, gogora ekarri nahi izan dituzte Euskal Herrian azken urteetan eraildako emakumeak. Ekintzaren irakurketa plazaratu zutenez, 2003tik hona 121 emakume erail dituzte Euskal Herrian. "121 emakume. 121 bizitza. 121 etorkizun. 121 amets baino gehiago. Emakume izateagatik erail dituzte, emakume izateagatik".
Baina ekintzan ez ziren zifra hutsak ematera mugatu. Izenak ere jarri zizkieten emakume horiei, eta aldarrikatu zuten ez dutela "anestesiatuta" bizi nahi. "Ez gara robotak eta mina sentitzen dugu, eta sentitu nahi dugu, bestela hau normalizatzeko arriskuan eroriko gara, eta hau ez da normala, hau gerra bat da", salatu zuten, "eta bihar zu izan zaitezke, edo ni, zure senarra ere oso jatorra eta normala delako Gizarten, Batzokian edo Iberlandan poteatzen dagoenean".
Argazkiak: Arrankudiaga eta Zolloko Emakume Sarea