Harrera beroa izan zuen igandean eginiko Arrankudiaga-Zolloko Emakumeen I. Topaketak. Eguerdian abiatu zuten egitasmoa, harrera ekitaldiarekin. Maite Idirini aipamena egin zioten bertan. Arrankudiagako Bakiolako mugan jaio zen abeslari ezaguna, eta iragan urtarrilean zendu zen. “Ekarpen handia egin dio Euskal kulturari eta feminismoari baina ezer gutxi dakigu berari eta bere obrari buruz”, adierazi zuten antolatzaileek, “Zergatik? Zergatik euskal abeslari erreferente baten inguruan pentsatzen dugunean gizonak etortzen zaizkigu burura? Horretarako ere etorri gara hona, emakumeon ekarpenak balioan jartzera, gu denok balioan jartzera”.
Orain arte Arrankudiaga-Zollon eginiko ibilbidea ere errepasatu zuten aurkezpenean, nondik datozen eta nora joan nahi dute azaltzeko. Oroitu zutenez, 2015ean ekin zion Udalak Berdintasun plana egiteari, udalerriaren diagnostiko bat osatuta. “Saio horiek oso arrakastatsu eta anitzak izan ziren gure sorpresarako, horrek argi utzi zigun, emakumeak batzeko beharra bazegoela herrian”. Orduan jaio zen Arrankudiaga eta Zolloko emakume sarea, igandeko topaketaren atzean dagoen eragilea.
Sareko kideek igandean bertan aitortu zutenez, “ezinegon” batetik sortu zen topaketak egiteko beharra: “Egiten ditugun ekintzak, taldean gaudenen nahi eta beharretatik sortzen dira, gure errealitatetik. Baina parte hartzen duzuen emakumeen ahotsak entzun nahi ditugu, zuen beharrak ezagutu”.
Horretara bideratu zuten, hain zuzen, bazkalostean eginiko ‘Gure bazkalosteko nahiak’ dinamika. Urteko plangintza diseinatzeari ekin zioten bertan, bertaratutako emakume guztien iritzi eta ekarpenekin. Ondoren, irribarre batekin amaitu zuten topaketa, Mejillon Tigre kolektiboaren ikuskizunarekin.
Emakume sareko kideak pozik azaldu dira topaketak izandako harrerarekin, planteatutako helburuak betetzeko balio izan dutela iritzita. Gauzak hala, aurrera begira jarri dira, igandean eztabaidatu eta partekatutakoak kalera ateratzeko.
Argazkiak: Arrankudiaga eta Zolloko emakume sarea