Nola jarraituko duzue larunbateko finala?
Herrian jarraitu eta ospatuko dugu. Kopako finalerako kamisetak atera ditugu “Herritik sortu ginalako herrian ospatuko dugu” leloarekin. Izan ere, hori da gure xedea, herria girotzea eta herriari ekarpena egitea.
Egun osoko egitaraua prestatu dugu. 12:30ean Arrankudiagako plazatik auto, motorren eta bestelako ibilgailu arraroen karabana abiatuko dugu. Pandemia garaian jokatutako finaletan ekimen berdina burutu genuen eta oso hunkigarria izan zen; herriko hainbat auzotatik igaro ginen Athleticeko koloreak zabalduz. Aurten ere berdina egingo dugu: Zollo, Atxeta, Bakiola, Garondo… bisitatuz.
Eguerdian etxera bueltatuko gara bazkaltzera, eta arratsaldean 18:00etatik aurrera elkartuko gara herriko plazan, Gizarte eta Batzokien artean hain zuzen ere. Placton talde urduñarrak kontzertua eskainiko du, eta guk barbakoa prestatuko dugu, 200 hirugihar zati eta 25 txistorrarekin.
Partida herriko tabernetan ikusiko dugu. Aurretik sorpresa txiki bat prestatu dugu, baina jakinmina duenak larunbateko 20:00ak arte itxaron beharko du.
Azken asteetan ere buru-belarri aritu gara lanean. 150 metroko oihal zati bat erosi eta banderak egin genituen herriko haurrekin batera, gero etxez etxe banatzeko.
Herrian Athleticen zaletasuna indartzeak duen garrantzia aldarrikatu nahi duzue.
Bai, zentzu horretan, gu Athleticen forofo perfiletik pixkat aldenduta gaude. Peña guztietan bezala, gu ere bagara forofoak, baina kutsu sozialagoa daukagu. Arrankudiagan Athleticen zaletasuna haurrei transmititzeko sortu genuen Eskalza Athletic Taldea, ikusten genuelako gaztetxoek beste erreferente batzuk hartzen zihoazela; Paris Saint-Germain, esaterako.
Herrian errotu eta herrian eragiteko asmoz sortu genuen taldea. Horregatik ere jarri genion gure buruari Eskalza izena, Javier Eskalza arrankudiagarraren figura aldarrikatzeko.
Guk ez ditugu bidaiak antolatzen, herrian eragitea da gure xedea. Gure oinarriak euskara, autogestioa eta berdintasuna dira. Euskaraz egiten ditugu gure komunikazio guztiak. Autogestioan sinisten dugu, uste dugulako badaudela diru publikoaz finantzatzeko gauza garrantzitsuagoak. Eta, azkenik, berdintasuna jorratzen dugu ere; taldeak antolatutako lehenengo bidaia Athleticeko nesken partida bat ikusteko izan zen, sarrerak taldeak berak ordainduta.
Athleticek irabaztekotan, nola ospatuko duzue?
Badaukagu zerbait prest, baina irabazi arte ez dugu ezer aurreratuko.
Eta galtzekotan; prest zaudete egoera horri aurre egiteko?
Meritu handia dauka Athleticek denboraldiz denboraldi egiten duenak. Maila horretan jokatzea, hautatu duen filosofiarekin… izugarrizko lorpena da hori. Kopa bezalako titulu bat irabaztea izugarria litzateke. Baina, galduta ere, hurrengo goizean Athleticekoak izaten jarraituko genuke. Guk honezkero irabazi egin dugu, Athleticekoak izateagatik.
Zer nolako finala aurreikusten duzue?
Partida zaila izango da. Mallorcak eta Athleticek oso joko antzekoa daukate, oso pareko ikusten ditut. Athleticek, ordea, kalitate handiagoa du oraingoan jokalarien artean. Beste final batzuetan kontrako egoeran egon gara.