Arrankudiaga-Zolloko Udalak eta Arrankudiaga-Zolloko Emakumeen Sareak herritarren jarrera eta erantzuna goraipatu nahi izan dute larunbatean udalerrian gertatutako eraso matxistaren harira. Izan ere, egun horretako arratsaldean gizonezko batek bere bikotea erasotu zuen Iberlandako inguruetan.
Horren lekuko izan ziren herritarrak emakumearengana joan ziren laguntza eskaintzeko, eta nahiz eta berak ez onartu, harekin geratu ziren bere segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
"Indarkeria matxista salatzeaz gain, azpimarratu nahi dugu herritarrek arduraz jokatu zutela eraso baten aurrean", azaldu du Nerea Zarate Berdintasun zinegotziak.
Herriko emakumeen sareak ere ildo bereko adierazpenak egin ditu: "Argi utzi nahi dugu gure herrian ez dugula inolako erasorik onartuko, eta gertakaria lehenengo pertsonan bizi izan zuten pertsonekin elkartu ostean, erasoari aurre egin zioten emakumeen jarrera goraipatu nahi dugu, erasotzailearen mehatxuen aurrean erasotuari emandako babesagatik. Hau da maite dugun herria, egoera latzen aurrean tinko erantzuten duena".
Atxiloketa
Herritarren esku-hartzearen ostean agertu zen Ertzaintza eta erasotzaileak, hasieran, ihes egin zuen. Dena den, poliziak udaletxeko inguruetan harrapatu zuen geroago.
Atxilotuak epailearen aurrean deklaratu zuen igandean, genero indarkeria leporatuta.