Duela hamar urteko herri galdeketa gogoratu dute Arrankudiaga-Zollon eta azaroaren 16rako jarri dute hurrengo hitzordua

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 3a, 15:30

Duela hamar urte euskal estatu burujabearen alde adierazi zen Arrankudiaga-Zolloko herritarren gehiengoa eta egindako tokiko demokrazia ariketa ospatu dute.

Gaur eguerdian Arrankudiaga-Zolloko herrigunea hartu dute duela hamar urte egindako galdeketa gogora ekartzeko. 11:30ean sortzaileen azoka antolatu dute eta 12:30ean abiatu dute ekitaldia.

Lehenik eta behin tokiko herritarrek hartu dute hitza erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta egindako lana gogoratzeko. Gero bertso saioari ekin diote eta, besteak beste, Joseba Martin ekimenaren sustatzaileetako bat oroitu dute kantuz.

Jarraian, Josu Etxaburu Gure Esku Dago plataformaren bozeramaileak hitz egin du. Aldarrikatu eta goraipatu du Arrankudiaga-Zollok Etxarriren lekukoa hartu zuela herri galdeketa antolatzeko. Argitu du duela hamar urteko urratsa mugarri bat izan zela bide luze batean.

Horrela, Etxaburuk azpimarratu du egindako pauso hori gabe ezinezkoa litzatekela egun estatus politikoaren eztabaida existitzea.

Halaber, deia zabaldu du azaroaren 16an gauzatuko duten "giza kate digitalean" parte hartzeko. Izan ere, hamabi orduko zuzeneko emankizuna egingo dute, Euskal Herriko txoko anitzetatik bidalitako bideoekin, burujabetasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Horrez gain, kultura ekintzak prestatuko dituzte hiriburuetan.

Amaitzeko, Gure Esku Dagoren kanta abestu dute guztien artean eta mokadua hartu dute. Gaurko ekitaldiaren antolatzaileek azpimarratu dute auzolanean prestatu dutela dena, duela hamar urte bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide