Joseba Martin atzo hil zen, eta jatorriz Arrankudiaga-Zollokoa ez bazen ere, udalerrian duela 20 urte baino gehiago bizi zen. Ezker abertzaleko ekintzaile historikoak Herri Batasuneko mahaikidea izan zen eta bi urte igaro zituen kartzelan horregatik, harik eta Epaitegi Konstituzioanalak Mahai Nazionalaren aurkako espetxe zigorra bertan behera utzi zuen arte.
Pertsona oso aktiboa izan zen Arrankudiaga-Zollon eta hainbat ekimenetan parte hartu zuen. Kirolean, adibidez, Indarra futbol kluba lagundu zuen.
Edonola ere, bere jarduera nagusia esparru politikoan jazo zen. Errepresio frankistaren errepresaliatuak omentzeko monolitoa jartzeko egitasmoan aritu zen, baita ADOS herri galdeketan.
Horrez gain, Txus Martin euskal preso politikoa bere anaia zen eta preso gaixoen eta sakabanatuen egoera salatzeko hamaika ekimenetan egon zen, "Motxilaren umeak" dokumentalean, besteak beste.
Senideek eta lagunek jakinarazi dute omenaldia egingo diotela laster. Data oraindik ez dute zehaztu, baina litekeena da bi aste barru inguru izatea.