Eraso matxista gertatu da Arrankudiaga-Zollon eta mobilizazioa deitu dute gaur arratsalderako

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 8a, 12:37

Emakumeen Sareak deitu du mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak eta herriko Emakumeen Sareak kontzentrazioa egingo du gaur 19:30ean. Udalak bat egin du deialdiarekin eta gertatutakoa irmoki gaitzetsi du.

Eraso matxista gertatu zen Arrankudiaga-Zollon asteazken gauerdian. Ertzaintzak adierazi duenez, esku-hartu behar izan zuen, eta gizon bat atxilotu eta epaitegira eraman zuten atzo, indarkeria matxista leporatuta.

Hori salatzeko, tokiko Emakumeen Sareak mobilizazioa deitu du gaur 19:30ean herriko plazan. Horrez gain, Udalean aritzen diren bi alderdiek, EH Bilduk zein EAJk, bat egin dute kontzentrazioarekin eta oharra plazaratu dute herritar guztien partaidetza sustatzeko

Ordezkari politikoak dituzten bi taldeek gertatutakoa gaitzetsi eta babes osoa helarazi diote emakume erasotuari. "Dauzkagun baliabide guztiak jarri ditugu haren eskura. Kasuaren gainean lanean jarraitzen dugu, laguntza emozionala eta gure eskura dauzkagun baliabideak bermatzeko", adierazi dute.

Hala adierazi dute Udaleko ordezkariek: "Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek. Horretan ardura berezia dugu erakunde publikook. Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua baita. Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Emakumeen eguneroko ogia".

Horren aurrean, gogoratu dute indarkeria matxista arazo kolektiboa dela, ezin dena esparru pribatuan geratu. Halaber, prebentzioa eta autodefentsa feministan jardutea beharrezkoa dela aldarrikatu dute.

Gogoratu beharra dago irailean beste eraso matxista bat jazo zela udalerrian eta herritarrek esku-hartu zutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide