Larunbat goiz bizia izan zuten Hego Uribetik eta Txorierritik heldutako dozenaka lagunek Arrankudiagan. Izan ere, Lurgaia Fundazioak eta Sagarrak talde ekologistak tokiko basoa landatzeko egitasmoa antolatu zuten.
Zehazki, 12 hektareako lursaileko jabea Sagarrakeko kidea da eta hitzarmena sinatu du Lurgaiarekin tokiko espezieak sustatzeko. Zortzi espezie ezberdin jarri dituzte, aniztasuna bermatzeko. Guztira, 500 ale inguru eraman zituzten eta adin anitzeko herritarrek parte hartu zuten landaketan.
Egitasmoaren bultzatzaileek auzolan gehiago prestatuko dituzte otsailean eta martxoan eta espero dute Arrankudiaga-Zolloko jendeak ere bat egitea.
Argazkiak: Sagarrak talde ekologista