Euskara gabe ez gara manifestuarekin bat egin duzue Arrankudiaga-Zolloko Eskolan, zerk bultzatuta?
Gure eskolan, urteko plan guztietako zutabe nagusia da euskara, irakurketa eta elkarbizitzarekin batera. Euskararen alde ateratzen diren dinamika guztietara batu egiten gara.
Euskalgintza Kontseiluko bileretan landu dugu manifestua, eta eskolako klaustrora ekarri genuen , honi oniritzia emateko. Behin onartuta, ikasgeletan lantzeari ekingo diogu, haurrekin batera. Haurrengandik hausnarketak eta konpromisoak ateratzea da gure nahia, gerora familiei helarazteko. Eskolan landutakoa etxean ere lantzea da gure helburua.
Mailaz maila landuko duzue manifestua, beraz.
Bai, baina ikusteke dago hori nola egokitu. Haurrekin batera eraikitzen dugu metodologia. Agian nagusienek lan sakonago bat egin eta eskolako txikienei azalduko dizkiete ondorioak. Hor bestelako sinergiak sor daitezke ere. Ez dakigu. Baina bai, eskolan landuko dugu manifestua, eta etxerako lan gisa gaia familiekin jorratzea eskatuko dugu.
Familiak aipatu dituzue. Euskalduntzeaz hitz egitean eskolaren rola jartzen dugu askotan erdigunean, baina familiena, beste hainbat faktore bezala, berebizikoa da ere.
Azken urteotan mezu hori helarazi diegu familiei behin baino gehiagotan. Eskolarekin ez da nahikoa euskalduntzea bermatzeko. Ikasturte hasierarekin batera, lanketa izugarria egin beharretan gaude urtero, haurrek oporretan euskaraz egiten ez dutela nabaritzen da eta. Oporraldi guztietan igartzen da hori, uda-sasoitik bueltan bereziki, baina baita gabonetako oporren ostean ere.
Guk egundoko ahaleginak egiten ditugu, denetarik probatu dugu. Familiei mail bidez baliabide desberdinak bidaltzen dizkiegu etxean euskarazko kultura kontsumitzeko, euskarazko marrazki-bizidunak ikusteko… Eskola bezala, euskaraz bizitzearen parte oso garrantzitsua da familia, eta gurasoak horren jabe izan behar dira.
Aukera izugarriak daude gaur egun, kulturaren alorrean, euskara kontsumitzeko: musika, telesailak, literatura… Hori guztia probestu beharra dugu.
Azken urteetan ohartu gara helburu lorgarriak dituzten kanpaina laburrak eta mugatuak direla eraginkorrenak. Ikasgela bakoitzak, ikasleekin batera, helburu bat adosten du, eta helburu hori betetzen ahalegintzen gara ikasturtean. Lehen hitza beti euskaraz izatea, gela barruan uneoro euskara mantentzea…
Manifestuak kezka bati erantzuten dio. Hezitzaile zareten neurrian, nola ikusten duzue euskalduntzearen egoera?
Gure herrian familia gehienak, eta haur gehienak, euskaldunak dira. Igarri dugu idazkiak edo aurkezpenak prestatzeko orduan ikasleek euskara maila ona erakusten dutela, ez, ordea, bat-batekotasunean. Ikasleen harremanak gaztelaniaz direnez, bat-bateko elkarrizketetarako gaitasuna izugarri galdu dute, erraztasuna falta zaie. Haurrak kontziente dira euskaraz hitz egin behar dutela, baina nahigabe jotzen dute gaztelaniara, hori baita harremanak izateko modu naturala.
Begirada Arrankudiagatik altxatuta, zertan uste duzue egin duela huts euskalduntzeak?
Ez dakigu, akaso galdu egin da euskaraz hitz egiteak zekarren harrotasuna? Asko landu dugu gaia.
Familien inplikazioa asko jaitsi dela esango nuke. Orokortu egin da euskara eskolan ikasiko duten ustea. Horrek ez du esan nahi gurasoek euskara jakin behar dutenik etxean euskara jorratzeko. Guk baditugu euskaraz ez dakiten familiak baina euskararen garrantziaz jakitun direnak, eta seme-alabei hori transmititzen diotenak. Hori da funtsezkoa. Euskararekiko jarrera da gakoa. Haurrek ere ikusi behar dute euskara ez dela eskolako kontu bat soilik. Iaz, Arrankudiagan ospatu zen eskualdeko Euskararen Eguna, eta ikasle askok ikusi zuten eskolako esparrutik kanpo ere pisua daukala hizkuntzak.
Bestelako agenteen inplikazioa ere beharrezkoa ikusten duzue euskalduntze prozesua irualtzeko?
Eskolaz kanpo egiten duten ekintzetan euskara txertatzea ezinbestekoa da. Bereziki kirol arloan gaia lantzea da funtsezkoa. Gazteek erreferente ugari dituzte kirol munduan, eta erreferente euskaldunak sortuz gero bestelako garrantzia emango diote hizkuntzari ere.