Eskerrak Ahulak Garen taldearen aldeko elkartasun erronkarekin abiatuko dute Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketa, egun bat lehenago

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 9a

Urriaren 25ean egingo da trailaren aurtengo edizioa.

Urriaren 24an, ostirala, izango da elkartasun erronka. Txirrindulari eta korrikalari bana saiatuko dira Goikogane igotzeko marka berritzen. Larunbatean, aldiz, goiz eta arratsaldez hartuko dute kirolariek herria.

Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketako antolatzaileek berrikuntza proposatu dute aurtengo proban gatza eta piperra eta elkartasun kutsua jartzeko. 

Hain zuzen, larunbateko ohiko lasterketari erronka solidarioa erantsi diote: Goikogane Erronka.

Txirrindulari eta korrilakari bana saiatuko dira 44 minutu baino gutxiagotan Goikoganeko tontorrera heltzen ostiralean.

Zita horretan Aritz Leturiaga eta Ugaitz Lekue arituko dira nor baino nor eta euren helburua izango da ahalik eta lasterren heltzea Goikoganeko tontorrera. Leturiagak korrika egingo du ibilbidea eta Lekuek, aldiz, txirrindulaz.

Eskerrak Ahulak Garen elkarterako diru bilketa

Aritz Leturiagak berak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari ideiaren sorburua: "Trailaren antolatzaileek pentsatu zuten zerbait berria egin ahal zela lasterketa sustatzeko eta aspaldi esaten zen herrian bazegoela jendea zeina 44 minututan igotzen zen Goikoganera. Bururatu zitzaigun dibertigarria izan zitekela hori benetan neurtzea eta modu bitxian egitea. Horretarako, korrikalari eta txirrindulari bana lehiatuko gara".

Egitasmoari, gainera, elkartasun helburua emango diote. "Ez dugu gogoko apustuak eta jokoa sustatzea, baina nahi duenak bere apustua egin dezake bi euro ordainduta. Hori bai, dirua Eskerrak Ahulak Garen elkartera bideratuko dugu, xedea ez da norbaitek irabaztea. Litekeena da tokiko produktuen saski batekin saritzea", erantsi du arrankudiagarrak.

Herritarrek bi euroko apustua egin ahalko dute eta bildutako dirua Eskerrak Ahulak Garen elkartera bideratuko dute.

Leturiagak berak aipatu du Ainhoa Junguituk sustatutako elkartea babestea erabaki dutela, besteak beste, urduñarrak senideak dituelako herrian.

Arrankudiaga-Zolloko Traila larunbatean

Hitzaurre kitzikagarri horren ondoren, larunbatean izango da benetako lasterketa. XII. edizioan goizez eta arratsaldez lehiatzeko aukera egongo da. Hain zuzen, 11:00etatik 11:45ak arte 2018 eta 2012 urteen artean jaiotako haur eta gazte guztiek izango dute beta parte hartzeko.

Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketak lehiatzeko aukera emango die ume eta gazteei goizez. Mendi maratoi erdia eta lasterketa herrikoia arratsaldez izango dira.

Kategoria bakoitzak bere luzera izango du eta proba hasi baino lehen izena eman beharko dute Javier Escalza futbol zelaian bertan.

Arratsaldean, ordea, Mendi Maratoi Erdia (21,1 kilometro) abiatuko dute 15:30ean eta 16:00etan, aldiz, lasterketa herrikoia (7,9 kilometro). Izena emateko epea jadanik irekita dago eta hemen egin daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide