Arrankudiaga-Zolloko Udalak uste du argia ikustetik gero eta gertuago dagoela. Izan ere, Txutxi Ariznabarreta alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, "duela bi urte ez daukagula idazkari-kontuhartzailerik". Tarteka langileren bat izan dute, baina denbora gutxiz.
Lanpostu hori berebizikoa da edozein prozedura gauzatzeko tokiko erakundean; izan udal beharginei soldata ordaintzea edota proiektu estrategikoak garatzea, eta, ondorioz, Udalaren funtzionamendua izugarri kaltetu du egondako gabeziak.
61 lagunek eman zuten izena
Ikusita Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela gaitasunik izan hutsune hori betetzeko euren lan-poltsekin, Arrankudiaga-Zolloko Udalak lan eskaintza publikoa abiatu behar izan du bere kabuz.
Hala ere, alkatea ez dago guztiz pozik: "Ezin izan dugu plaza modu finkoan eskaini, idazkari-kontuhartzailearen plaza ezin du Udalak eman, hortaz, bitarteko langilea izango da etortzen dena".
Berez, pasa den astean egin zituzten azterketak pilotalekuan eta izena eman zuten 61 lagunen artean, 27 bertaratu ziren.
Momentuz, Udala epaimahaiaren emaitzen zain dago, baina funtsezko aurrerapausotzat jo dute berriki egindako prozesua.