Jose Arruek eta beste margolari batzuek Arrankudiaga-Zollori buruz egindako koadroak ikusgai hiru egunez

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 31

Arozena Museoan dagoen koadroaren erreprodukzioa egongo da ikusgai. / Txomin Egiluz

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an Oxinburun erakusketa egongo da, herritarrek ikus dezaten nola jaso zuten Arrankudiaga-Zollo XX. mendean zenbait margolari ospetsuk: Jose Arruek, Ruiz Moralesek, Luis Larrinaga Ibarrak eta Lorenzo Borquek.

Txomin Egiluzek eta Edurne Ellakuriak erakusketa benetan bitxia prestatu dute 2026. urtea kulturaz blai hasteko Arrankudiaga-Zollon. Hain zuzen, Jose Arrueren, Ruiz Moralesen, Luis Larrinaga Ibarraren eta Lorenzo Borqueren koadroak eta erreprodukzioak jarriko dituzte Oxinburun.

Bilduma horretan ikusi ahalko da lau margolari horiek XX. mendean nola islatu zituzten herriko zenbait txoko. Tokikoentzako egilerik famatuena Jose Arrue izango da. Eskualdean bizi izan zen artistaren pieza anitz eta deigarriak ezagutzeko aukera egongo da. Txomin Egiluzek goraipatu nahi izan du, alde batetik, 1948ko jai egitaraua, berak ilustratua. "Jaien une esanguratsuak margotu zituen eta bere familiak lagundu digu", aipatu du Egiluzek, esker onez.

Horrez gain, Arrankudiagako erromeriari buruzko koadro beraren bi bertsio alderatzeko parada ere egongo da. Egiluzek biziki eskertu du Arozena Museoak bidali duen erreprodukzioa. Berez, irudi bereko bi bertsio dira: Arrankudiagako erromeria eta Euskal erromeria. Hori gutxi balitz, Jose Arruek koadro hori margotzen zuen bitartean egindako argazki bat ere lortu dute.

Bitxikeria gehiago

Baina Arrue ez da protagonista bakarra izango. Bernardino Manuel Ruiz Sanchez Morales (Ruiz Morales) artistak ere utzi zuen bere aztarna herrian. Granadakoa jatorriz, Aretan bizi izan zen eta bere artelanek balio handia daukate egun. Orozkon edota Zeberion ere margotu zuen eta erakusketan burdinola baten, San Anton Azokako eta Otxanduriko dorretxeko koadroak aurkeztuko dituzte.

Luis Larrinaga Ibarra Arbiden bizi izan zen eta herritarrek eurek zenbait lan lagako dituzte. Lorenzo Borqueren kasuan, nahiz eta Soriakoa izan, Zolloko errota bat margotu zuen eta Egiluzek uste du interesgarria dela: "Jadanik errota horren horma bat baino ez da geratzen".

Hori guztia gutxi izango balitz, 1775ko errege bideko mapa baten kopia egin dute, inguruan zeuden baserriak biltzen baititu.

Erakusketa egunak

Erakusketaren inaugurazioa urtarrilaren 2an izango da 19:00etan. Urtarrilaren 3an 19:00etik 20:00ak arte bisitatu ahalko da eta 4an 12:30etatik 14:00ak arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide