Kultur sorkuntza Aiaraldean

Ane Cuesta Monge zinema zuzendariaren 'Hortzikara' filma hautatu dute Laburbira jaialdian proiektatzeko

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 11

Filmaren irudi bat. / Andrea Garcia (@andreita.raw)

Ekimen ibiltariak euskarazko pelikula laburrak proiektatzen ditu Euskal Herri osoan eta ez da lehen aldia Arrankudiaga-Zolloko egilearen lan bat aukeratzen duena.

Ane Cuesta Monge zinemagilearen Hotzikara filma Laburbira zinema jaialdi ibiltarian proiektatuko dute martxoaren 1etik 29ra bitartean. Ekimenak euskarazko pelikula laburrak ematen ditu herriz herri eta eskualdeko egilearena izango da horietako bat. Aiaraldean, oraindik ez badute zehaztu ere, urtero egiten dute proiekzio bat Aiaran.

Ez da, berez, lehen aldia Ane Cuesta Mongerentzat, 2023an Asko falta da? hautatu baitzuen Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako egitasmoak. 2024n, aldiz, Zirrara aukeratu zuten.

Zinema zuzendariak azpimarratu du horrelako ekimenak oso garrantzitsuak direla: "Oso baliagarriak dira film laburrei ikusgarritasuna emateko, banaketa eta hedapen bidean bultzada garrantzitsua direlako. Gainera, jasotako diru-laguntzek aukera ematen dute ekoizpenak sortutako gastuen zati bat berreskuratzeko, askotan baliabide oso mugatuekin egindako lanak direlako".

Hotzikara filmaren istorioa: beldurra eta fantasia

Tokiko sortzaileak proposamen berezia egingo dio ikusleari: "Fantasia eta beldurrezko elementuen bidez, filmak indarkeria isil bati aurre egiteko irtenbide sinboliko eta muturreko bat proposatzen du".

"Fantasia eta beldurrezko elementuen bidez, filmak indarkeria isil bati aurre egiteko irtenbide sinboliko eta muturreko bat proposatzen du"

Berez, pantailan agertuko den istorioa ez da erosoa izango: "Familia baten barruan kokatutako genero-film laburra da, haurtzaroko zaurgarritasuna eta amatasunaren inpotentzia ardatz dituena. Marinari, neskato bati, hortzak erortzen zaizkio berriro atera gabe, eta bere ama Cristinak ez du azalpenik aurkitzen ez medikuetan ezta eskolan ere. Aitak, Carlosek, normaltasun itxurazko jarrera du, baina gauero alabarekin duen harremanak ezinegona sortzen du. Egoera gero eta larriagoa bihurtzen da, Cristinaren desesperazioa handituz, eta etxeko egunerokotasunak mehatxu giro gero eta itogarriagoa hartzen du. Gau batean, Marinaren lehenengo hilerokoak eta gertakari bortitz batek egia azaleratzen dute".

Edonola ere, Ane Cuesta Mongek berak honakoa ohartarazi du: "Hortzen mitologiak eta gorputzaren eraldaketak funtsezko pisua hartzen dute kontakizunean. Hortzikarak ikuslea iruzurrezko bide batetik eramaten du, amaiera ilun eta askatzaile batera iristeko, babesgabetasunari eta ezintasunari aurrez aurre begira jarriz".

Proiektu zaharra

Arrankudiaga-Zolloko egileak nabarmendu du Laburbirak aukera eman diola geldirik zuen proiektu bat berreskuratzeko: "Egitasmoak beste balio gehigarri bat ere izan du: denboran geldirik geratu zen lan bat berriz martxan jartzeko aukera eman digu. Proiektuaren azken fasea ixtea zaila egiten ari zitzaigun, eta ekimen honek behar genuen azken bultzada eskaini digu. Horri esker, lana behar bezala amaitu eta zabalkunderako prest jartzea lortu dugu. Zentzu horretan, egitasmoak ez du soilik laguntza ekonomikoa eskaintzen, baizik eta sorkuntza prozesuak ixteko eta lanak publikoarengana iristeko aukera errealak sortzen ditu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide