Ramon Zallo hil berri den ekintzaile eta irakasleari eskerrak eman dizkio Arrankudiaga-Zolloko herritar talde batek, egindako erreferendumean laguntzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 31

Ramon Zallo Arrankudiaga-Zollon egindako herri galdeketan hitza hartzen. / Aiaraldea.eus

Herritar talde batek gogoratu nahi izan du Ramon Zallo Elgezabalek egindako ekarpena Ados plataformak deitutako herri galdeketan, ikuskarietako bat izan baitzen.

Arrankudiaga-Zolloko herritar talde batek bere esker beroenak adierazi nahi izan dizkio publikoki Ramon Zallori. Atzo zendu zen EHUko irakasle eta ekintzailea. Arrankudiaga-Zollon ez dute nahi izan bere ekarpena oharkabean pasatzea eta Aiaraldea Komunikabideari adierazi diote aitorpen osoa duela Zallok autodeterminazioaren aldeko herri galdeketan ikuskari gisa egindako lanagatik.

Erreferenduma 2014ko azaroaren 2an izan zen eta udalerriko biztanle gehienek Euskal Herriko independetziaren alde bozkatu zuten. Hain zuzen, biztaleriaren %61,59ak parte hartu zuen eta %89,64ak boza independentista eman zuen.

Egun horretan Ramon Zallo izan zen ikuskari ardurak hartu zituen adituetako bat eta bere presentzia agerikoa izan zen agerraldi publikoetan.

Ramon Zallo izan zen 2014ko Arrankudiaga-Zolloko galdeketan ikuskari ardurak hartu zituen adituetako bat eta bere presentzia agerikoa izan zen agerraldi publikoetan.

Edonola ere, hori ez zen izan EHUko irakasleak ekintzaile politiko eta sozial gisa bere bizitzan egindako ekarpen bakarra, bere ibilbide luzean proiektu ugaritan militatu baitzuen: diktaduraren azken urteetan, Euskal Herriko Gazteria Langile Kristaua mugimenduko kide izan zen lehenik, eta ETAko militante gero. Azken erakunde horretako kide zela, hiru aldiz atxilotu zuten, eta atxiloketa horietako batean torturatu egin zuten, baina epaileek ez zuten inoiz zigortu.

Ondoren LKI Liga Komunista Iraultzaileko buruzagietako bat izan zen, eta 1979ko Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkeztu zen. 1980ko hamarkadan, berriz, Auzolan aliantzaren alde egin zuen. Behin proiektu hori desagertu zela, herri mugimendu anitzetan aritu zen: Lokarri, Sare Herritarra presoen eskubideen alde... eta azkenaldian bereziki nabarmena izan da Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren aurka egin duen lana.

Horrez gain, politikan ere aktiboa izan zen eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren gobernuaren aholkularia izan zen, baita EH Bildukoa ere beranduago. Erakunde eta kolektibo mordoak aitortu du bere jarduera gaur eta Arrankudiaga-Zolloko Ados plataformak ere egin nahi izan du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide