Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak beste urrats bat eman du hizkuntz aniztasuna balioan jartzera bidean, Euskara-Errumaniera-Errusiera poltsiko hiztegia plazaratuta. Iragan ostiralean egin zuten aurkezpena Arrankudiaga-Zolloko Oxinburu espazioan. ACEV eta Ródina elkarteek parte hartu zuten ekitaldian, hainbat dantza taularatuta. Horrez gain, Leonid Smetanca akordeoi-jotzaileak ere hainbat kantu interpretatu zituen.
Honako hau da Kontseiluak plazaratzen duen gisa honetako bigarren hiztegia, iragan abenduan Arabiera-amazigera-euskararena aurkeztu baitzuen. Aurrera begira ere, beste hizkuntza batzuekin egitasmo bera errepikatzeko asmoa plazaratu du euskararen normalizazioaren aldeko eragileak.