Jose Ramon Rey artziniegarrak asmatutako diziplina da artzikirola, eta bide luzea egiten ari da. Kataluniara, Asturiasera, Madrilera, Kantabriara eta Andaluziara zabaldu ostean, Hego Amerikan izango du hurrengo geltokia. Eskualdean ere jarraitzaileak ditu eta, besteak beste, Amurrion praktikatzen dute.
Kirol kongresuak Mexikon eta Argentinan
Kirol alternatiboen kongresuak egingo dituzte Mexikon eta Argentinan eta gonbidapena bidali diote Jose Ramon Rey artziniegarrari, parte har dezan.
Aiaraldearra oso pozik dago horrekin, baina oraindik ezin du ziurtatu onartuko duen. Berez, bidaia oso garestia da eta Eusko Jaurlaritzarekin jarri da harremanetan diruz lagundu diezaioten: "3.000 euro inguru balio dute txartelek, eta nik ezin dut diru hori gastatu".