Asteburuan lehiatu da Zuriñe Frutos Espainiako duatloi krosean. Seigarren postua eskuratu zuen artziniegarrak. Sare sozialetan azaldu duenez, esperientzia polita izan da: "Hobetu daitekeen huts egite bat edo beste izan dut, baina orokorrean ondo joan da". Izan ere, segundu batzuetako penalizazioa jarri zioten kaskoa behar baino lehenago kentzeagatik. "Eskerrak horregatik ez dudan sailkapeneko postua galdu", erantsi du.
Gogoeta eginez, kirolariak nabarmendu du azken hiru kilometroetan -korrika egiteko zatian- indar falta nabaritu zuela: "Egiten zuen beroak ere izan zuen eragina. Bosgarrenari itsatsita nindoan baina indarra galtzen. Eta hori, esan zigutela Fullana -aurtengo edizioko irabazlea- bizikletan minutu batera baino ez genuela! Beraz, ez gindoazen gaizki".
Emaitzak emaitz, pozik azaldu da Frutos: "Lehen bosten artean sartzea ondo legoke, baina joan nintzen bezala ikusita... oso pozik nago. Ez dut minik sentitu, lesioa desagertu da, beraz, hasi naiz animatzen". Hori dela eta, eskerrak eman dizkie haren familiari, gertukoei eta Artziniegako "Scbikers" zein Ganzorrotz taldeei.