Berdintasunaren aldeko egutegia eratu dute eragileek elkarlanean

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 26a, 08:03

Hilabeteka elkarte ezberdinek hartu dute protagonismoa / Artziniegako Udala

10 elkarte eta hainbat norbanakok hartu dute parte berdintasunaren aldeko ekintzan. Egutegiak urtarrilaren 2tik aurrera eskuratu ahalko dira doan udaletxean. 

Berdintasun Arloak sustatuta, Artziniegako elkarteek batera osatu dute 2018ko egutegia. Hilabeteka, elkarteei eman diete protagonismoa, berdintasuna egunerokotasunean aldarrikatzeko asmoz. Miren Urresti Azpirik azaldu duenez, Berdintasun Forotik bultzatu dute ekimena, Artziniegako Udalaren laguntzarekin. "Helburua herriko elkarteak berdintasunaren aldeko konpromisoa erakustea izan da, denon premia baitago berdintasunaren alde egiteko, indarrak metatzea ezinbestekoa delako helburua lortze aldera".

Horretarako bertako elkarte, talde eta norbanakoen laguntza izan dute. Argazkilari eta diseinatzaile lanetan Artziniegako argazkilariak aritu dira, Arima Studioa, hain zuzen. 

Partaide ugari

Gauzak hala, hilero pertsona edo talde batengan jarri dute fokua. Urtarrilean, esaterako, Barratxi Guraso Elkartekoak izango dira nagusi, otsailean Artea Etnografia Elkartea, martxoan Hiriska, apirilean Txirrindulari elkartea, maiatzean Prakanasiak kuadrila... Artziniegako Rock elkarteak eta Pilota eskolak ere hartu dute parte, baita Otsati, Artzikirol edota Builaka perkusio taldeak. Norbanakoen artean, Nagore garraiolariaren ekarpena, Jon eta Igoarena nabarmendu dituzte.

Egutegia eskuratzeko udaletxera jo behar da. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo dira eskura udaletxean, eta urtarrilaren 8az geroztik liburutegian ere bai. Alea doan banatuko dute. "Artziniegako Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten elkarte, talde eta banakakoei eta, era berean, animatu nahi ditu herritarrek egutegia eskura dezaten, etxeetan ere berdintasunaren aldeko mezua egon dadin". Udalak Aldundiaren eta Vital Fundazioaren diru-laguntza izan du egutegia egiteko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide