Esteban Kerexetaren eskulturak egongo dira ikusgai Artziniega Museoan udan. Uztailaren 7an inauguratuko dute eskultore oñatiarraren erakusketa, 19:30ean. Irailaren 30era arte egongo da, museoaren ohiko ordutegian.
68 urteko artistak lau hamarkada baino gehiago eman ditu eskulturgintzan, eta egurra, metala zein harria lantzen ditu.
Argazki erakusketa
Mendieta Kultura eragileak, bere aldetik, argazki erakusketa atondu du. Hau ere larunbatean inauguratuko dute, 18:00etan udaletxe zaharrean, eta hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.
Argazki guztiek gai komun bat izango dute ardatz: Artziniega. Roberto Gonzalez eta Lorea Rementeria argazkilarien lanak ikusi ahal izango dira, Mendieta Kulturak iragan hilabetean abiatutako argazki bilketako irudi hautatuekin batera.