Artziniega Museoa, bidegurutzean

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 17a, 06:30

Udalarena da museoa kokatua dagoen eraikina. Bertako bilduma, aldiz, Artea etnografia elkartearena da. / Aiaraldea.eus

Otsailean ekin zioten udalak eta Artea etnografia elkarteak museoaren finantziazioaren inguruan hitz egiteko bilerak egiteari. Museoa irekitzeko behar den dirua bermatzea eskatu dio elkarteak tokiko erakundeari. Iñigo Gomez alkateak, aldiz, “aukera jasangarria” bilatzen ari direla adierazi du.

Kolokan dago Artziniega Museoaren gaur egungo funtzionamendua. Otsailean jarri zen harremanetan udala Artearekin, etnografía elkarte horretako kideak baitira museoa kudeatzeaz arduratzen direnak. “Artea elkarteak kontratatzen du museoko gida zerbitzua. Aurten zerbitzu horren prezioan igoera bat jazo da, lan-hitzarmenaren aplikazioa dela eta”, azaldu du Iñigo Gomez alkateak. Horregatik bildu ziren, egoera horri nola aurre egin aztertzeko.

Baina hilabete ugari igaro dira ordutik hona, eta momentuz ez da bi aldeen arteko adostasunik erdietsi. “Gida zerbitzuaren lizitazioa ateratzea eskatu digu udalak, baina elkarte batek ezin du halakorik egin, erakunde publikoei dagokie. Guk bizpahiru aurrekontu eskatu eta horietako bat hautatu ahalko genuke gehien jota”. Hala azaldu du Mateo Lafraguak. Artea elkarteko kideak adierazi du eskaera bakarra helarazi diotela udalari: “Museoa irekitzeko beharrezko finantziazioa bermatzea. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren edo Arabako Foru Aldundiaren laguntzetako batek kale eginez gero udala izatea beharrezko dirua jarriko duena”.

 

Udalak bi aukera jarri ditu mahai gainean: museoko bilduma bere esku uztea edo fundazioa sortzea. Artea elkarteko kideek, aldiz, museoaren irekiera bermatuko duen soluzioa eskatu dute

 

75.000 euroko kostua
Urtero 75.000 euro inguruko kostua dakar museoa irekitzeak, Artea etnografia elkarteko kideen hitzetan. “Gida eta garbiketa zerbitzuak ordaintzen dira diru kopuru horrekin”. Eusko Jaurlaritzak 30.000 euroko diru-laguntza ematen dio museoari horretarako, eta beste horrenbeste Arabako Foru Aldundiak. Udalak jartzen ditu beste 15.000 euroak. “Baina kopuru hori museoko sarreren diruarekin berreskuratzen du, antzekoa izaten baita normalean”, azaldu du Lafraguak.

Gauzak hala, azken urteetan udalak museoaren irekierarako dirurik jarri behar izan ez duela nabarmendu dute Arteako kidek. “Egia da tokiko erakundea arduratzen dela museoaren mantenuaz, baina beste edozein eraikin publikorekin egiten duen bezala”. Museoan egiten diren ekintzak -Txarriboda, Udako Solstizioa…-, aldiz, Artea etnografía elkarteak finantzatzen ditu, bestelako diru iturriak baliatuta.

Soluzio bila
Hainbat aukera jarri dira mahai gainean arazoari aurre egiteko, Iñigo Gomezen aburuz. Udala museoaren abal-emailea izatea proposatu zen, baina alkateak baztertu egin du aukera hori, tokiko erakundeak funtzio hori bete ezin dezakeela argudiatuta.Beste aukera bat izango litzateke museoa publiko bilakatzea. Hau da, udalarena izatera pasatzea. “Baina kasu horretan piezak udalari lagatzeko formula bat pentsatu beharko genuke”, nabarmendu du alkateak. Elkarteko kideek, baina, guztiz baztertu dute aukera hori.

Elkartearen eta udalaren arteko jabetza partekatuaren formula ere aztertzen ari dira, Gomezen arabera. “Fundazio bat sortuta egin ahalko litzateke hori”. “Oreka bilatzea” da tokiko erakundearen helburua. “Aukera jasangarri bat bilatzen ari gara, museoa berez defizitarioa dela jakin arren”.

Baina mahai gainean jarritako aukera horietako bat berak ere ez luke arestian aipatutako finantziazioa bermatuko, Lafraguaren aburuz. Arazoa ahalik eta lasterren konpondu behar dela nabarmendu du Arteako kideak, abenduaren 31rako nahi baitute gida zerbitzu berria kontratatu. “Gidek museoaren gaineko trebakuntza jaso beharko lukete, eta hori ez da bi egunetan egiten”.

Gauzak hala, akordioa lortzeko beharra nabarmendu du Arteako kideak, “onerako zein txarrerako”. “Erakunde guztiek diote Artziniegakoa dela Euskal Herriko museo onenetariko bat. Dirua emateko orduan, baina, ez daude horren ados”.

 

Arteako kideek ziurtatu dute museoa ez dela itxiko. Kasurik txarrenean asteburu batzuetan irekitzera mugatuko lirateke

 

Museoa ez da itxiko
Hala eta guztiz ere, Artea elkarteko kideek ziurtatu dute ez dutela museoa itxiko. “Udalaren partetik finantziazioa bermatzeko konpromisoa lortzen ez badugu duela zenbait urte genuen funtzionamendura itzuliko ginateke, museoa larunbat eta igande batzuetan irekitzera mugatuz”.

Herriko ondarea eta kultura ezagutarazteko helburuarekin eratu zen Artziniegako Museoa 1984.urtean. Laster, beraz, 35 urte beteko ditu proiektuak; 2019an, hain zuzen. Baina, nola sortu zen? 70eko hamarkadan Artziniegatik hirira alde egin zuen jende askok, lanera. Ofizio eta bizimoduetan aldaketa handiak gertatu ziren. Hala, herritarrek ondare hori guztia ez galtzeko antzinako lanabesak bildu eta ondorengoei ezagutarazteko erakusketa egitea erabaki zuten. Hala, 1984an Artea Santutegiko zaldien kortan kokatu zen aurreneko museo zatia.

Denborarekin, piezak ugaritzen joan ziren; egun, 15.000 erremintatik gora dituzte. Hortaz, herri museoa prestatzeko proiektuarekin bueltaka hasi ziren. Hala, Artziniegako eskola zaharra eskatu zioten Udalari. Horrela handitu zuten Artziniegako Museoa, herritarren pieza, istorio eta azalpenekin.

Iragana irakasgai
Irakasgai zabala da Artziniegako Museoa, lehengo lanbide eta bizimodua barnebiltzen baititu. Hori dela eta, ikasgai aparta da bisitan hurbiltzen direnentzat, iragana eta historia gerturatzen baititu ikusleen begi eta belarrietara. Gida bat arduratzen da 17 geletako langintzak erakusteaz, 1.700 metro koadro baititu eraikinak.

Museo izatetik harago, eskualdeko biztanleen landa eta hiri bizitzen ispilu da proiektua; horren adibide dira aretoetan banatutako ogibide eta aintzinako makinak. Halaber, urtean zehar makina bat jarduera antolatzen dituzte lehengo bizimodua gaur egungo jendeari erakusteko: “herri oratzea”, txerriboda eta abar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide