Atzo Artziniega Museoa jendez gainezka egon zen txirrindularitzari buruzko mahai-inguruaren ondorioz. Mikel Landa Movistar taldeko buruak, Joseba Beloki eta Igor Anton profesional ohiek euren esperientziei buruz hitz egin zuten, Aritz Arberas amurrioarrak prestaketa fisikoaren xehetasunak eman zituen eta Veronica Cano epaileak bere esparruan sakondu zuen.
Ainara Hernandok kirol kazetaritzaren aferak aipatu zituen eta Tomas Amezaga Movistar taldeko mekanikariak ere bere lana deskribatu zuen.
Besteak beste, berdintasuna, globalizazioa -gero leku urrunetara jo behar baitute txirrindularitza sustatzeko, adibidez-, teknika berriak eta sare sozialen eta Interneten eragina landu zuten. Izan ere, azken urteotan nahikotxo aldatu da txirrindularitza teknologia berrien ondorioz.
Horrez gain, kirolaren alde hurbilena oso presente izan zuten eta talde baten liderra izateko zailtasunak nabarmendu zituen Joseba Belokik, baita txantxen garrantzia giroa sortzeko. Mikel Landak eta Igor Antonek elkarbizitzako aferekin barreak eragin zituzten. Izan ere, kultura aniztasuna errealitatea bilakatu da taldeetan, jatorri anitzeko kirolariak batzen baitira oso ohitura ezberdinekin.
2 ordu iraun zuen solasaldiak eta 200 lagun baino gehiago elkartu ziren entzuteko eta galdera ugari egiteko.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.