Artziniega Museoa itxi dute, “finantziazio faltagatik”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 2a, 18:30

Itxita dago Artziniega Museoa. / Joseba Vivanco

Artea etnografia elkarteko kideek adierazi dute udalari jakinarazi ziotela museoa itxiko zutela gida zerbitzua ordaintzeko finantziazioa bermatua ez bazegoen. Urtarrilaren 10ean bilduko dira bi erakundeak.

Itxi egin dute Artziniega Museoa, “finantziazio faltagatik”. Hala adierazi dute Artea etnografia elkarteko kideek. “Iazko otsailetik daramagu udalarekin negoziatzen, baina ez dugu emaitza onik lortu”, azaldu du Mateo Lafraguak. “Proposamen andana egon da. Akordioa lortu genuen, baina egun batetik bestera udalak atzera egin zuen”.

Elkarteko kideak adierazi duenez, udalak bazuen museoa itxiko zenaren berri. “Gida zerbitzuak 2019. urtean zenbat balioko zuen helarazi genion tokiko erakundeari eta azaldu genion abenduaren 28rako finantziazioa bermatua ez bagenuen ezingo genuela museoa ireki”. Lafraguaren aburuz, gida zerbitzua elkarteko kideen gain geratzea da udalaren proposamena.

Elkartearen aldarria, aldiz, honakoa da: Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzek huts egiten badute, udalaren esku geratzea museoa irekitzeko beharrezko finantziazioa ematearen ardura. Azken urtean bilera eta negoziazio asko egin dituzte udalaren, oposizioko alderdi politikoen eta elkarteko kideen artean, baina ez dute akordiorik erdietsi.

Bilera urtarrilaren 10ean
Artea elkarteko kideekin jarri da harremanetan udala. Datorren urtarrilaren 10ean bilduko dira bi aldeak gaiaren inguruan hitz egiteko. “68.000 eurokoa da gida zerbitzuaren 2019rako aurrekontua. Zerbitzua aztertu eta dauden aukerak ikusi behar ditugu lehenbizi, erabaki bat hartu baino lehen”, azaldu du Iñigo Gomez alkateak.

Museoa irekita mantentzeko asmoa dutela ziurtatu du udal gobernu buruak, “baina behin betiko kudeaketa eredu batekin”. Gomezen esanetan, udalak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. “Museoko piezak udalaren esku geratzea da horietako bat”. Etnografia elkarteak, baina, ezezkoa eman zion proposamen horri. “Ezin dugu hori onartu, elkartearena baita ondare hori guztia kudeatzearen ardura”, azaldu du Lafraguak.

Fundazio bat sortzea da planteatu den beste soluzioetako bat. Udala eta elkartea egongo lirateke ordezkatuak entitate berri horretan. “Hala ere, guk argi dugu kasu horretan udalak gehiengoa izan beharko lukeela patronatuan”, nabarmendu du Gomezek. Alkatearen hitzetan, udalaren planteamenduarekin museoaren kudeaketa “oraingoa baino publikoagoa” izango litzateke. “Uste dugu akordioa adostu dezakegula”.

EH Bilduk, bere aldetik, udal gobernuaren jarrera kritikatu du. “EAJren jarrera oztopatzaileak PP eta EH Bilduren artean salaketa testua adostera eraman gintuen uztailean. Orain, duela sei hilabete iragarri genuena bete da”, erantsi du Joseba Vivanco zinegotziak, “era berean, kontuan izan behar da gida zerbitzuan herriko hainbat bizilagunek lan egiten dutela”.

Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide