Artziniegako EAJk prentsa oharra plazaratu du herriko etnografia museoaren itxiera argitzeko. Jeltzaleek azaldu dute, lehenik eta behin, espazioa kudeatzen duen elkartearen erabakia izan dela itxiera, eta udalak ez duela zerikusirik.
EAJk azpimarratu duenez, 2018an finantzazioa indartu zuen museoa irekirik mantentzeko. Hau da, bisita gidatuen zerbitzua ordaintzeko. Iaz 68.000 eurora igo zen zerbitzu horren kostua eta tokiko erakundeak babestu zuen. 2019an, ordea, lan hitzarmena betetzeko 78.000 euro balioko du zerbitzu berak eta, momentuz, ez da adostasunik egon udal gobernu taldearen eta elkartearen artean.
Horren ondorioz, elkarteak erabaki zuen atzo museoa ixtea. EAJk ordea, nabarmendu du hori ez dela udalaren ardura izan. Alderdiak argudiatu du bere proposamenak ez direla onartu; museoaren kudeaketa erakundearen esku geratzea -eta piezak bere gain hartzea- edota fundazioa sortzea, besteak beste. Gainera, udal gobernu taldeak uste du mesfidantza handia dagoela elkartearen aldetik.
Jeltzaleen ustetan, museoa ixtea ez da erabaki aproposena, eta horregatik espero dute berriro irekitzea. Bide horretan, urtarrilaren 10ean egingo duten bilera garrantzitsua izango dela uste dute jeltzaleek.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.