Akordioa egin dute Artziniegako Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Artziniega Museoa berriz irekitzeko finantzazioa bermatzeko. Aldundiak nabarmendu duenez, azken egunetan bilera ugari egin dituzte hiru erakundeen artean, modu horretan “museoa berri irekitzeko adostasuna” lortuta.
Honakoa da adostu dutena: Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak 35.000 euroko diru-laguntza bana bideratzea “museoaren funtzionamendu eta gestio gastuak ordaintzeko”. Bideragarritasun plan bat egitea ere adostu dute, museoaren beharrak identifikatu eta “XXI. Mendeko museo” izatera iristeko. “Bideragarritasun Plan honek museoaren behar ekonomiko zehatzak ezagutzen lagunduko du, honela bi erakundeen laguntza hau nahikoa den jakinez eta, behar gehiagoren beharra izatekotan, Artziniegako Udalaren laguntzaren konpromisoa izanda”.
Bilera astelehenean
Aldundiak nabarmendu duenez, Artea etnografia elkartearen “parte hartze zuzenarekin” garatuko dute plana. Elkarteko kideen aburuz, “pausu garrantzitsua” da erdietsitako akordioa. “Harritzekoa da azken urtebetean soluzio bat bilatzeko ezintasuna egon izana eta orain, bat-batean, konpondu ahal izatea”, nabarmendu du Mateo Lafraguak. Elkarteko kideak jakinarazi du ostiralean bilduko direla erabakia baloratzeko, eta beste bilera bat egingo dute Aldundiarekin astelehenean. “Bilera horretan jasotzen dugun informazioaren arabera museoa asteartean bertan irekitzea baloratu dezakegu”
Ekimen ugari itxieraren aurka
Ia bi hilabete igaro dira Artea etnografia elkarteak museoa “finantziazio faltagatik” ixtea erabaki zuenetik. Orduz geroztik makina bat ekimen jazo dira herrian museoa berriz martxan jartzeko. Artziniega Museoa bizirik! Plataformaren sortu da eta elkarretaratze jendetsuak antolatu ditu konponbide bat eskatzeko. Sinadura bilketa ere abiatu zuten, eta milaka lagunen babesa jaso zuten oso egun gutxitan.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.