Aldundiko ordezkariekin bildu da gaur goizean Artea etnografia elkartea, Artziniega Museoaren irekiera bermatzeko finantziazio akordioaren inguruan hitz egiteko. Plan horren arabera, Aldundiak 35.000 euroko laguntza emango dio elkarteari museoa kudeatzeko. Beste horrenbeste jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Udala, bere aldetik, faltako litzatekeen dirua jartzera konprometitu da, egoerak hala eskatuz gero.
Gauzak hala, museoa berriz ireki ahalko dutela jakinarazi dute Artea etnografia elkarteko kideek. “Oraindik ez dakigu zehazki noiz ireki ahalko dugun, prozedura legal batzuk bete behar direlako”, adierazi du Mateo Lafraguak. Arteako kideak azaldu du gida zerbitzua kontratatu behar dutela, eta horretarako hiru enpresari eskatu behar dizkietela aurrekontuak. “Behin aurrekontuak aztertuta esleituko dugu zerbitzua. Bihar hasiko gara horretan lanean. Espero dugu hemendik 15 egunera museoa irekita egon ahal izatea, lehenago ahal baldin bada hobe”.
Prozesua, baina, ez da museoaren irekierarekin amaituko. Proiektuaren bideragarritasun plana ere garatu nahi dute Aldundiak, udalak eta Eusko Jaurlaritzak Artea etnografia elkartearekin.
Mobilizazioen indarra
Urte hasieran erabaki zuen Artea etnografia elkarteak museoa ixtea, proiektua kudeatzeko finantziazioa bermatua ez zegoelako:
Orduz geroztik ekintza ugari egin dira herrian museoa irekitzearen alde. Artziniega Museoa bizirik! Plataforma sortu zuen herritar talde batek, eta mila sinadura baino gehiago bildu zituzten egun gutxitan. Horrez gain, hainbat elkarretaratze jendetsu egin dituzte udaletxearen aurrean. Ehunka bizilagunek hartu dute parte mobilizazio horietan:
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.