Larunbatean ireki zuten berriz Artziniega Museoa, bi hilabetez baino gehiago itxita egon ostean. Ostiralean egin zuten gida zerbitzuaren esleipena. Hainbat enpresen eskaintzak aztertu zituzten Artea etnografia elkarteko kideek. Arabako Foru Aldundiko Museo Zuzendaria, Artziniegako alkatea eta Artziniegako Udaleko talde politikoen ordezkariak bertaratu ziren hautaketa prozesua ikustera. Azkenean, Artadi enpresari esleitu zioten gida zerbitzuen kudeaketa.
Gauzak hala, museoa hurrengo egunean ireki ahal izan zuten, Artadi delako orain arte gida zerbitzuaz arduratu dena eta, ondorioz, ez delako ezagutza-transmisiorik egin behar izan. Hala ere, Arteako kideek nabarmendu dute soluzioa behin behinekoa baino ez dela, instituzioen arteko akordioak museoa 2019an irekitzea bermatzen duelako soilik. “Hurrengo urtera begira ez dago ezer ez itxita”, azpimarratu dute.
Lan-bilera asteartean
Arteako kideek jakinarazi dute bihar -martxoak 12- Eusko Legebiltzarreko Mahaia egongo dela museoan, “Bakartxo Tejeria Otermin Lehendakaria buru izanda”. Lan bilera bat egingo dute museoko gela batean eta bisita gidatua burutuko dute jarraian.
Talde politikoen balorazioak
Artziniegako talde politikoek positiboki baloratu dute museoa berriz irekitzea. “Hurrengo pausoan lanean jartzeko unea da orain: museoaren bideragarritasun plana”, adierazi du EAJk. EH Bilduk, aldiz, garaipena “herriarena” izan dela nabarmendu du. “Batzuk museoa ixten saiatu ziren, baina ezin izan zuten”, azaldu du Joseba Vivanco zinegotziak.
Artea elkarteko kideek, euren aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete “Artziniegako herriari, museoa maite duten pertsona orori, MuseoaBizirik herri mugimenduari eta komunikabideei, erakutsi duten interesagatik”.
Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.