Udalaren jarduera bat “hauteskunde ekitaldi gisa” erabiltzea leporatu dio EH Bilduk EAJri

Erredakzioa 2019ko api. 6a, 07:00

Encina Castresana da Artziniegako EAJren alkategaia.

Encina Castresana alkategai jeltzaleak “alderdikeriaz” jokatu zuen ohitura musulmanei buruzko hitzaldi batean, oposizioko taldearen ustez.

Udalaren ekitaldi bat “modu elektoralistan” erabiltzea leporatu dio Artziniegako EH Bilduk EAJri. “Encina Castresana alkategai jeltzaleak alderdikeriaz erabili du ohitura musulmanei buruzko hitzaldi bat. Solasaldia Udal Liburutegiak antolatu du eta hautagaiak ekitaldia bere egin du eta bere interesetarako erabili du”.

Oposizioko talde politikoak azaldu du hitzaldi hori “Artziniegan bizi diren emakume musulmanek” eskainiko zutela, “baina Encina Castresanak eman zuen”. “Ustekabea” hurrengo egunean jaso zutela salatu du EH Bilduk, EAJren alkategaiak hitzaldia bere hautagaitza sustatzeko Facebook orrialdean nola aipatzen zuen ikusi zutenean. “Gure harridurarako, ekitaldiaren antolatzaile gisa agertzen zuen bere burua, eta gainera bere hautagaitzak darabilen #EncinaPrest etiketa idatzi zuen; horrek aditzera ematen du udalaren ekitaldi bat ekitaldi elektoral bihurtu zuela”.



EH Bilduko kideen arabera, gertatutakoa “onartezina” eta “salatzeko modukoa” da. “Are gehiago kontuan hartzen badugu Iñigo Gomez alkateak duela egun gutxi inolako justifikazio barik eta udal ordenantzetan oinarritu barik kendu zuela EH Bilduk udal igerilekuetan jarritako kartel bat. Horrek argi utzi zuen urduri daudela berriz ere galduko dituzten hauteskunde batzuk datozelako”.

Iñigo Gomez alkatearen erantzuna
Iñigo Gomezek, bere aldetik, Encina Castresanaren jarrera babestu du. “Encinak urte asko eman ditu emakume musulmanekin lanean. Eurek eskainiko zuten hitzaldia baina azken unean lotsa sartu zitzaien eta Encinak eskaini zuen”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide