“Herri kirolak baserriko lanak dira, baina kulturara ekarriak”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 10a, 11:17
Guillermo Lopez Gutierrez, ingudearekin proba batean. / G.L.G

Gillermo Lopez Gutierrez (Artziniega, 1981) herri kiroletan aritzen da, besteak beste. Gasteizko jaietan erakustaldia egin zuen, eta ingudearekin bere marka pertsonala hobetu zuen.

70 aldiz altxatu duzu ingudea minutu batean. Pozik zaude emaitzarekin?

Bai. Nire marka pertsonala hobetzea lortu dut, baina ez da hainbesterako, Euskadikoa altuagoa da. Gasteizko jaietako herri kirolen erakustaldian izan zen hori, 70 altxaldi egin nituen minutu batean. 

Zein da Euskal Herriko markarik onena ba?

Erakustaldian nirekin aritu zenaren anaiak 97 aldiz jaso zuen ingudea minutu batean, segundoko kolpe bat baino gehiago da hori.  

Noiz hasi zinen herri kiroletan?

Beti gustatu izan zait lehiatzea. Amurrioko Oinkariak taldekoa ere banaiz. Korrika aritzen naiz normalean, baina udan herri kirolak praktikatzea gogoko dut: ingudea, lokotx bilketa, zakulari gisa…

Abuztuaren 25ean Okondon Arabako Lokotx txapelketa izango dugu, eta bezperan zaku karrerena Ribabellosan. Nahiko modalitate zoroa da: 80 kiloko zakua eraman beharko dugu bizkarrean 120 metrotan. 

Proba gogorrak izaten dituzue. 

Behin esatari batek hala esan zuen: herri kirolak baserriko lanak dira, baina kulturara ekarriak. 

Artziniegakoa da eskualdeko herri kirolen talde bakarra... 

Herri kirolak bizirik irautea gure esku dago. Artziniegan Bizindar izeneko taldea dugu, Arabako herrien arteko txapelketan lehiatzen gara. Neskak behar ditugu, besteak beste, sokatiran aritzeko, animatu beraz! 

Herri kirol mistoetan hartzen duzue parte ere, beraz. 

Bai. Herenegun, esaterako, Arabako Trontza txapelketa mistoa jokatu zen. Ez zuen Artziniegako inork hartu parte, baina herrien artekoan bai. Izan ere, intentsitate ezberdinetan bizi ditugu herri kirolak. Niri, egunean egotea eta parte hartzea gustatzen zait. 

Iaz herrien arteko txapelketa irabazi zenuten. 

Bai. Zuriñe Frutosek lokotx bilketan lehen postua eskuratu izan du ere, lesionatzean eta lotan dagoenean bakarrik dago geldi eta! Bizindar taldera batzera animatzen zaituztet!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide