Arteko Gure Amako taberna zabaltzea ekimen ona da, EAJren aburuz. Prentsa oharrean adierazi dutenez, EAJk diru-laguntza eskatu zuen eraikina hobetu eta irekitzeko. “Egindako obrek zabaltzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten jakiteko informe teknikoa eskatzen dugu”. Era berean, udal idazkariaren txostena ikusteko eskaera egin dute, gobernu taldeak zerbitzua esleitzeko ateratako oinarriak legalak direla baieztatzeko. “Gainera, sorpresaz hartu dugu udalaren publizitate eskasa tabernaren berria zabaltzeko”. Hori dela eta, sare sozialetan, webgunean eta bandoetan argitaratzea eskatu dute, “bizilagun guztiek izan dezaten oinarriei buruzko benetako informazioa eta gardena, udalera baldintzen berri jasotzera jo behar izan gabe”. Aipatutako txosten tekniko eta juridikorik ezean, irailerako ekimena bertan behera utzi beharko litzateke, jeltzaleen aburuz, “interesdunei molestia eta arazoak ekiditeko; arduragabekeria politikoaren ondorioz”.
Joseba Elejalde PPko zinegotziak sare sozialetan erantzun dio jeltzaleen oharrari, diru-laguntza eskaera hori PPk bideratu zuela argitzeko. Kezkati azaldu da PPko kidea: “Lokal hori kontratua egunean ez zegoelako itxi zen, eta orain lortu dela, inori ez zaio interesatzen Arteko Gure Amaren egunerako hartzea”.
Joseba Vivanco EH Bilduko gobernu buruak Aiaraldea hedabideari aipatu dionez, ohiko komunikazio bideak erabili dituzte herritarren eta elkarteen artean aukera zabaltzeko: udalaren Whatsappa, sare sozialak eta bandoa. “Ez da norbanako ez kolektiborik prest azaldu taberna irekitzeko, horregatik geratu da itxita. Lehenbizi elkarteentzat ireki genuen aurkezteko epea, eta ondoren herritarrentzat”. Txostenen harira, udaleko aparejadorearen esku dagoela erantsi du, “eta oinarriak txosna jartzeko baimenaren oso antzekoak dira”.