Bilerak egiteari ekin diote Artziniegako hainbat emakume. Hilabeteko azken igande guztietan dute biltzeko asmoa, 12:00etan udaletxe zaharrean. Azaldu dutenez, herriko jaietan jazotako erasoek bultzatuta eman dute pausoa. "Eraso horiek gertatu eta hurrengo egunean herriko emakume batzuk lotu ginen erantzun bat emateko. Playback txapelketan eman zen erantzun hori", azaldu dute emakumeek, "orduan konturatu ginen oraindik herrian lana egiteke zegoela eta ezinbestekoa zela mota, adin eta erlijio ezberdinetako emakumeak biltzea".
Azaldu dutenez, "hainbat adinetako emakumeak" bildu nahi dituzte, "talde plurala" osatuaz. Herrian berdintasunaren aurka egon daitezkeen arazoei eta feminismoari buruz hitz egingo dute bileretan. Helburu nagusi bat ere markatu dute: erasoen aurkako protokoloa osatzea, "herrian zein inguruan gertatzen diren erasoei erantzun bat eman ahal izateko".