Artziniegako bisita antzeztuak antolatuko ditu Aiarako Kuadrillak datorren azaroaren 17tik aurrera, 2020ko urtarrilera arte. Prentsa ohar batean azaldu bezala, ekimen honen helburu nagusia eskualdea “perspektiba desberdin batetik” ezagutzea da, eta dagoeneko eskuragarri dago bisiten egutegia Basque Mountains plataformaren webgunean. Plazak mugatuak direnez, ezinbestekoa izango da izena ematea parte hartu nahi izatekotan.
Bisita gidatu hauek Aiarako Kuadrillak bere “inguru naturala eta eremuko produktuak” ezagutzera emateko ekintza talde batzuen barruan kokatzen dira. Horien artean, Arabako Txakolina ekoizten den upategi batzuetarako bisitak ere antolatzen dira, baita Somontanako Ardoaren ibilbideetarako “bisita teknikoa”. Ekintza hauek aurrera eraman ahal izateko, Kuadrillak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso ditu.
Enplegu kontratazio berriak
Horretaz aparte, Aiarako Kuadrillak jakinarazi du 38 pertsona kontratatuko dituela aurtengo Eskualdeko Enplegu Planaren bidez. Lan eskaintza hauek Lanbiden argitaratu dira jada eta azaroaren 11ra arte egongo dira irekita. Lanpostu guztiek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta horrela banatuko dira: 15 Laudion, 14 Amurrion, 3 Aiaran eta bina Artziniegan, Okondon eta Urduñan.