Artziniegako Udalak bertan behera utzi ditu datorren egunetarako programatutako jarduera guztiak, koronabirusaren transmisioa prebenitzeko asmoarekin. Tokiko erakundeak jakinarazi du momentuz ez dutela herrian gaixotasun horren kasurik detektatu, baina “egoera hori luzatze aldera eta kutsatzeko arriskua minimizatze aldera” hartu dituzte neurri guztiak, ohar batean adierazi dutenez.
Udaleko jarduera horien artean honako hauek daude: Udal ikastaroen programazioa etetea, liburutegiaren zerbitzua liburuak mailegatzera mugatzea eta, elkarteren batek udal-instalazioren bat erabiltzen jarraitu nahi izatekotan, udalaren baimenarekin izatea. Herritarrei udaletxera ez bertaratzea ere eskatu diete, “premiazko izapide atzeraezinetarako izan ezik”.
Era berean, honako gune hauek itxi dituzte: udal kiroldegia, jubilatuen eta pentsiodunen Etxea, udaletxe zaharreko lokalak, kultur etxeko lokalak eta Erretes Tuterako zentro soziala. Neurri berriak hartu behar izatekotan, ohiko bitartekoen bidez jakinaraziko dutela adierazi dute, eta “prebentzioko osasun-gomendioei kasu egiteko" deia zabaldu diete herritarrei.
Artziniega Museoa ere itxi dute, Artea etnografia elkarteak jakinarazi duenez.