Koronabirusaren kalte ekonomikoak leuntzeko neurriak hartzeko eskatu du Artziniegako EAJk

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 25a, 16:56

Artziniegako haur parke bat, itxita. / Artziniegako Udala

Komertzioak itxi behar izan dituzten herritarrentzako diru-laguntzak bideratzea eskatu dute jeltzaleek, besteak beste.

Koronabirusaren ondorioz sortuko diren kalte ekonomikoak leuntzeko neurriak hartzeko eskatu dio EAJk alkatetzari. Ohar batean adierazi dutenez, komertzio txikiei eta ostalaritzari “erraztasunak eta laguntza ekonomikoa” ematea izango da neurri horien helburua.

Oposizioko alderdiaren bozeramaileak, Encina Castresanak, adierazi du gobernuak ezarritako alarma egoerak, biztanleen zirkulazio librean eta beste hainbat eskubidetan eragina izateaz gain, “komertzioen, establezimenduen eta ostalaritzaren itxierak sortutako galera ekonomikoetan" ere eragina izango duela.

Hortaz, “Joseba Vivanco alkateak eta udal gobernuak arlo ekonomikoan inolako neurririk ez dutela hartu ikusita”, laguntza ekonomikoen “salbuespenezko deialdi urgentea” egitea eskatu du Castresanak.

Lau proposamen hauek plazaratu dituzte jeltzaleek: saltoki txikien, ostalaritzaren eta antzekoen itxierak sortutako kalte ekonomikoak murrizteko laguntzak bideratzea, soldatarik gabeko baimenak eta baliokideak konpentsatzeko laguntzak ematea (hezkuntza zentroen itxiera dela eta), 12 urtetik beherakoen zaintzaren zailtasuna arintzeko partidak sortzea eta, nagusi eta zaintza zentroen itxiera dela eta, dependentzia duten pertsonen zaintzak sortutako zailtasunak leuntzea.

Alkatearen erantzuna
Vivancok, bere partetik, Alderdi Popularrak antzeko proposamenak erregistratu zituela erantzun du. Dena den, “krisiaren txarrena pasatzean” laguntzen afera tratatuko dutela gehitu du, beste erakunde publikoekin batera. Hala ere, egoera honek sortutako zailtasunak konpontzeko udal gobernutik asko lan egiten ari direla esan du Vivancok, eta EAJren elkarlanera irekita daudela nabarmendu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide