Maskarillen erosketa, alderdien desadostasunagatik udalbatzako eztabaidagai

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mai. 15a, 09:08

Ez-ohiko irudia utzi zuen Artziniegako udalbatzak herenegun. / Artziniegako Udala

PPk aurkeztu zuen mozioa, eta EAJk babestu egin zuen. EH Bilduk kontra bozkatzeko argudioak azaldu zituen: maskarillen derrigortasun eza, banaketa eta erosketa ardura beste erakunde batzuei dagokiela, eta Artziniegako biztanleria kopuruagatik jende masa sortzeko aukera murritza.

Garbitasun eta segurtasun neurriak ezarrita egin zuten herenegun maiatzeko bilkura Artziniegan. PPk eginiko proposamena izan zen eztabaidagai nagusia, 3.680 maskarilla erosteko eskaera eraman baitzuen bilkurara, 8.832 euroko partidarekin. Etxez-etxeko banaketa egiteko beharra azaldu zuen PPko zinegotziak.

EAJk ekimena babestu zuten, baina EH Bilduk atzera bota zuen, Udalari ez dagokiola erosketa hori gauzatzea argudiatuta: "Informazio Batzordean PPk proposamena botatzean azaldu bezala, gaur-gaurkoz ez da derrigorrezkoa maskarillak eramatea garraio publikoetan, lanetan eta segurtasun distantziak mantendu ezin direnean salbu". 

Joseba Vivanco alkatearen aburuz, Gobernuek derrigortasuna ezarriz gero, horniketa ez ezik eskuragarritasuna ere bermatu beharko dute. Zentzu horretan, "Bilboko Abando geltokian gisa" Artziniegako bus geltokian maskarillak doan banatu direla azpimarratu du. "Atzo entzun genituen lehenbiziko gomendioak espazio publikoetan maskarillak erabiltzeko, jende multzoak elkartzen diren tokietan, baina ez dugu uste Artziniegan arazo edo sentsazio hori izango dugunik, ez delako hiria ezta milaka biztanledun udalerria".

Bestalde, Artziniegako 3 saltokitan 0.96 euroren truke saltzen direla maskarillak argitu zuen EH Bilduko gobernuburuak: "Arrazoia edozein delarik ere, oso jende gutxik darama ohikoan maskarilla kalean, eta ez dugu uste gaitasun ekonomikoengatik denik. Aipatutako arrazoi guztiengatik bozkatu dugu PPko mozioaren kontra".

Gizarte langileei dagokienez, EUDEL zein Diputaziotik helarazitako maskarilla kirurgikoak eskuratzeko konpromisoa hartu zuen alkateak, "pertsona edo kolektibo zaurgarriei banatuko dizkiegu. Gizarte Zerbitzuetako langileak eskularruak jaso ditu, baina ez dugu oraindik eskaerarik jaso. Edozelan ere, egoera luzatuko da, eta momenturen batean beharko dira". 

Azkenik, Vivancok erantsi zuen, hartutako jarrera ez dela politikoa, ekonomikoa "ez eta populista; hasieratik jarri dugu erabakiak hartzeko irizpide gisa herria laguntzea, eta Artziniegak esango du guzti hau bukatzean ea Covid19ari dagokionean kudeatzen asmatu dugun edo ez. Bien bitartean, ahalik eta ondoen lan egiten jarraituko dugu EH Bildutik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide