Artziniegako EAJk maskarak erosteko mozioaren kontra bozkatu izana kritikatu dio EH Bilduko udal-gobernuari. Era berean, Alderdi Popularreko ordezkariaren proposamenen alde daudela gehitu dute jeltzaleek ohar batean (PPko zinegotziak egin zuen proposamena, hain zuzen ere), alkatetzak aitzakia ekonomikoak edo konpetentzien ingurukoak jartzen dituela gehituta.
Covid-19ak sorturiko krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak falta direla ere gehitu dute oposizioko alderditik. EH Bildutik “neurriak ikertzen eta beste instituzioen ekintzak” itxaroten ari direla kritikatu dute ere: “Beste era batera esanda, ez dakite zer egin eta neurri horiek besteok erraztea espero dute”.
Hortaz, EH Bilduko udal gobernutik jarduteko plan edo neurri konkretuak ez izatea salatu dute. Horren harira, udal azpiegituren irekierari begira, higiene plan konkretua ez izatea leporatu diote alkatetzari, joera “harrigarria eta kezkagarria” dela nabarmenduta.
Gainera, aste honetan egindako osoko bilkuran aurreko legegintzaldiarekiko jarraikortasuna argi geratu zela ere adierazi dute, EAJk jada jorratutako hainbat obra onartu zirelako. Horren harira, landutako puntuetako bat soldata igoera izan zela adierazi dute.
Maskaren erantzukizuna
Maskarei dagokionez, Joseba Vivanco alkateak azaldu du mozioaren kontra bozkatu zutela haien erosketa udalaren erantzukizuna ez dela ulertzen dutelako. Vivancoren ustez, Espainiako Gobernuak maskarak beharrezkoak direla esango balu, gobernuak berak bermatu beharko lituzke.
Bestalde, alkateak nabamendu du ez direla neurri zehatzak falta, eta gehitu du Artziniegako herritarrak direla euren lana baloratu behar dutenak, ez EAJ. Hortaz, neurriak hartzen jarraituko dutela adierazi du, nahiz eta beste instituzioen erabakien esperoan daudela aitortu.