JOSEBA VIVANCO RETES

"Gutxienez ama agurtzeko aukera izan genuen, etxean hil baitzen"

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 20a, 07:00

Joseba Vivanco Artziniegan. / Aiaraldea.eus

JOSEBA VIVANCO RETES (Artziniega, 1968) herriko alkatea da, baina osasun larrialdia hasi zenetik bestelako ardurak ere izan ditu. Izan ere, bere ama COVID-19aren ondorioz hil zen martxoaren 30ean.

Zein egoera geratu zinen pandemia hasi bezain pronto?

Pandemia hasi zenean sekulako paradoxarekin topo egin nuen. Alde batetik, alkate eta erakunde publiko baten ordezkari gisa, saiatzen ari nintzen biztanleria osoa babesten, eta bat-batean, egun batetik bestera, etxean genuen birusa. Kasu honetan, nire amaren etxean.

Konfinamenduaren hasieran izan zen, lehenengo neurriak hartu bezain laster.

Martxoaren 14rako nire ama bazegoen konfinatua. Berez, ostegunean ezagun baten hileta izan zen eta ez joateko eskatu genion. Bere kasuan, katarroa zuen, baina berak esaten zuen moduan, urtero hartzen zuena.

Aste oso hori katarroarekin egon zen eta hurrengo igandean hasi zen sukarra. Egoera azkartu zen. Asteazkenean etorri ziren osasun langileak Amurriotik eta ostegunean esan ziguten oso larri zegoela eta hilko zela. Zenbait botika eman zioten ez nekatzeko eta astelehenera arte iraun zuen. Dena ziztu bizian.

Nolakoa izan zen aldaketa zuretzat egun horietan?

Hasieran guztiok ikusten genuen birusa leihotik. Ez genekien zer zen eta ez genuen imajinatzen zer biziko genuen eta are gutxiago zein neurrian eragingo zigun.

Gure kasuan sukarrarekin hasi zen. Asteazkenean esan ziguten zarata zuela birikietan eta hori COVID-19aren adierazlea izan zitekeela. Dena den, hurrengo egunean etorri ziren eta etxeko atarian begiratu zuten, eta bertan egin zizkioten probak.

Jakinarazi ziguten okerrera egin zuela eta azaldu ziguten hautatu behar genuela, edo ospitalera eraman edo etxean geratu. Gu 4 anai-arreba gara eta bakarrik 2 bizi gara Artziniegan. Azaldu ziguten zaintzak antzekoak izango zirela, baina ospitaletik ez bazen bizirik itzultzen, ez genuela berriro ikusiko.

Ataka horretan ez genekien zer egin, baina argi utzi ziguten oheen arazoa zegoela eta lehentasunak zeudela. Hau da, nire amak 84 urte zituen. Hortaz, jende gazteagoak lehentasuna izango zuen.

Lehenengo egunak ziren. Orain badakigu jende nagusia ere atera dela, baina hasiera horretan krisialdiaren unerik gogorrenean geunden, bitarteko gutxienekin. Une horretan erabaki guztiak presaka hartu behar ziren.

Ordubete geroago osasun zentroan batu ginen eta adierazi ziguten ordu batzuen buruan hilko zela, diagnosiaren arabera. Sekulako kolpea izan zen guretzat, ordu eta erdi lehenago berarekin egon ziren osasun langileak eta.

Ez nekatzeko botikak eman zizkioten eta ostiraletik aurrera askoz gehiago sufritzen hasi zen. Lokartzako botika jarri zioten eta astelehenera arte iraun zuen, goizean zendu zen.

 

"Erabaki ugari hartu behar izan genuen eta oso azkar: esatea hilko zen edo ez, ospitaleratzea edo ez..."

 

Egun gutxiren buruan dena orduan.

Bai, hil bezain laster Amurrioko medikuari deitu genion heriotza ziurtatu zezan, eta ehorztetxeko langileekin ere harremanetan jarri ginen berehala. Etorri zirenean astronauta itxura zuten. Sartu ziren, logela desinfektatu, gorpua zaku batean sartu, aulki bat baliatu eta eraman zuten. Bi egun geroago jaso genuen ontzia errautzekin.

Ehoztetxera deitu genionean, esan ziguten oso lanpetuta zeudela. Izan ere, bi gorpu zituzten autoan eta beste bat jaso behar zuten, Okondon, oker ez banabil. Horrek ematen zizun gertatzen ari zenaren neurria. Ezin zituzten lau gorpu furgonetan sartu aldi berean. Hortaz, Laudiora joan ziren uztera eta gero etorri ziren.

Agurtu zenuten ama?

Bai, gure kasuan bai. Ez guztiok, 4 anai-arrebetatik bi bakarrik bizi garelako Artziniegan, baina behintzak bik agurtu genuen. Egun horiek guztiak egon ginen berarekin, txandaka, babes elementu guztiekin. Azken bost egunetan etengabe egon ginen berarekin.

Niri egokitu zitzidan hil zen goiza, baina une batean edo bestean gertatu behar zen, hiru egunez eutsi baitzion. Azken egun horiek lokartuta eman zituen, oso nekatuta baitzegoen.

Ikusita egun horietan gertatzen ari zena (batzuek ezin izan zuten agur esan, beste batzuek ez zituzten ikusi, gorpu batzuk ez ziren ezta agertzen...), gutxienez, bere etxean eta ohean joan zen eta berarekin egon ginen.

Bitxia zen, berak uste baitzuen igandean aterako zela eta hobeto egongo zela. Guk ez genion esan. Erabaki ugari hartu behar izan genuen eta oso azkar: esatea hilko zen edo ez, ospitaleratzea edo ez...

Horretarako guztirako anai-arrebak deitu behar genituen, albiste txarrak eman, denok negarrez...

Zentzu horretan erabakiak berehala hartu behar ziren eta gero galderak eta zalantzak geratzen zaizkizu. Edonola ere, zalantzek ez dute balio, gertatu dena gertatu ostean.

Gu lasai geratu gara, gutxienez, etxean zendu delako. Putada izugarria izan da, 84 urte izan arren, bizitzaz beteriko emakumea baitzen. Arima oso gaztea zuen, ilobekin denbora asko ematen zuen, jende gaztearekin eta nagusiekin harremana zuen... Oso emakume maitatua zen. Herrian shock hutsa izan da, jendeak ezagutzen zuelako eta nolabait guztiok kolpatu gaitu.

Jendea konturatu zen gaitz serioa zela, harrapatuz gero hiltzeko aukera zegoen.

 

"Egun hauetan asko hitz egiten da osasun edo ekonomia krisialdiei buruz, baina giza krisialdia ere geratuko da"

 

Errautzak dituzue, nola agurtuko duzue?

Oraindik ez dugu pentsatu. Egingo dugu zer edo zer, baina oraindik ez dakigu. Artziniegan tarte honetan hiru lagun hil dira. Bat bihotzekoak jota eta beste bi koronabirusaren ondorioz. Batek hirugarren analisian eman zuen positibo.

Hirurak oso ezagunak eta maitatuak ziren eta jende gehiena geratu da hutsune horrekin, ezin izan baitie ezer esan senideei.

Gure kasuan, momentuz, ez gara anai-arreba guztiak elkartu. Konfinamenduaren neurriek baimentzen dutenean, elkar ikusiko dugu.

Eurentzat gogorragoa izan da, ziurrenik, ez baitute aukerarik izan agur esateko. Arantza hori agian geratuko zaie. Artziniegan bizi garen bi anai-arrebek hori egiteko parada izan dugu, baina eurentzat doluaren zati hori geratuko da. Gutxienez, azken une horietan zerbait esan edo eskutik heltzea.

Egun hauetan asko hitz egiten da osasun edo ekonomia krisialdiei buruz, baina giza krisialdia ere geratuko da. Jende pilo hil da, eta kasu gehinetan senideek ezin izan dute agurtu. Hori guztia hor egongo da hurrengo hilabeteetan.

Apirilaren 30ean hilabetea igaro da hil zenetik eta bitxia da. Ez naizenez bere etxera joaten, ezin dudalako, badirudi oraindik bertan dagoela. Etxean itxita gaudenez, oraindik ez gara guztiz konturatu, gure familian gogoko baitugu batzea, bazkaltzea, afaltzea elkarrekin, ospakizunak egitea... Hori guztia ezin izan dugu egin, amaren etxera ez dugu jo, edo ez dugu ama kafea hartzera eraman behar izan.

Hori guztia ezin izan dugu egin eta berriro elkartzeko aukera izan arte, edo bere etxera joateko beharra izan ezean, ez gara konturako ez dagoela.

Nire amaren lagun batek esaten zidan bahitu dutelaren sentsazioa duela. Elkarrekin kafea hartzeari utzi diogu etxean egon behar garelako bolada batez eta, bat-batean, norbaitek eraman du eta Luisita ez da egongo.

Amesgaizto baten moduan da, hilabetea igaro da eta ez gara ohartu. Dolu horiek guztiak egin beharko du bakoitzak ahal duen moduan, agurtzeko aukerarik gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide