"Norabide eta konponbide eraginkorrik gabe herria zuzentzea" leporatu dio EAJk gobernu taldeari

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 16a, 11:05

Artziniegako EAJk prentsa oharra plazaratu du. / Artziniegako EAJ

Lege-agintaldiko lehenbiziko urtea galdua izan da, EAJren iritziz. Udako igerilekuen irekiera atzeratzea, konfinamenduko neurria aski ez izatea, eta udako haurren eskaintza ez zehaztea kritikatu dute oharrean, besteak beste.

Artziniegako udal gobernuaren eraginkortasun eza salatu du EAJk prentsa ohar baten bidez. Urtebete igaro da lege-agintaldi berria hasi zenetik, eta jeltzaleen aburuz “urte galdua” izan da. “Gobernuaren kontrola” zalantzan jarri dute oharrean, zenbait adibide aipatuta: “Udal igerilekuak EAJren aurreko gobernuak landuta utzi zituen, eta oraindik amaitu gabe daude. 6 hilabete behar izan zituzten obrak esleitzeko”. Jeltzaleen ustetan, ez dira azpiegiturak irekiko “kudeaketan gaitasun ezagatik”, eta ez da kontrataziorik bideratu gobernu taldeak “badakielako igerilekuak ez direla irekiko”.

Uda ate joka egonik, haurrentzat jarduerak egitea beharrezkotzat jo du alderdiak. Iragan asteko osoko bilkuran galdetu zuten horren inguruan, eta “oraindik egituratu gabe daudela eta boluntarioekin egingo direla” aipatu zuen alkateak, “herriko jendeak inplikatu behar duela eta aire zabalean izango direla”. EAJren iritziz, gobernu taldeak ez du ezer zehaztuta, “ziurgabetasuna eta inprobisazioa dira nagusi uda hasi eta pare bat astera”.

Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko EH Bilduren gobernuak autonomoentzat aurkeztutako diru-laguntzen oinarriak ere kritikatu dituzte, “zaurientzako tiritak diren arren, anbizio gutxikoak eta eskasak direla” iritzita. “Aspalditik EAJk gobernatzen dituen beste herri batzuetan (Laudio, Amurrio, Gordexola) lantzen ari direnaren kopia da”, adierazi du Encina Castresana jeltzaleen bozeramaileak. 

Konfinamenduko neurriak ezbaian

“Konfinamendu garaian eta gaur egun, udal azpiegituretako desinfekzioak eta protokoloak egin diren jakin nahi dugu”, erantsi dute jeltzaleek, “farmazia, saltoki edo kontsultategietan ere jarraitu dute prozesua, alkatearen hitzetan, baina tarte handiagoan eta hainbat bizilagunek kezka adierazi dute”.

EAJren iritziz, lege-agintaldiko lehen urtea galdua izan da. Horregatik, kanpainan agindutakoa betetzeko eskatu diote EH Bilduko gobernuari, eta gogorarazi dute EAJtik "herriari mesede egiten dion guztian laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest" daudela.

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk ez du bat egin EAJren kritikarekin: “EAJk ez du ekarpen bat bera ere egin herriaren alde, dietak kobratzeko soilik etortzen dira hilean birritan batzordeetara eta udalbatzara. Zorionez, artziniegarrak gustura daude gure lanarekin, hori da gure pertzepzioa behintzat. Guk gurean jarraituko dugu, oraindik beste hiru urte geratzen zaizkie jeltzaleei EH Bildu gobernatzen ikusteko, eta  etorriko direnak... Mota honetako oharretan dagokion guneetan inoiz aipatzen ez dituzten argudioak esaten dira, funtsezko arrazoirik ez dutenez unean bertan esatera ausartzen ez direlako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide