Artziniegan topatutako lau hontz-zuri utzi dituzte Martiodako basa animalien suspertegian

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 2a, 09:26
Hontz-zuria Artziniegan. / U. G.

Goiko plazako etxebizitza batean agertu ziren hegaztiak eta Martiodako basa animalien suspertegiaren esku utzi ditu udalak. Zentroak azaldu du Laudion larunbatean erreskatatutako orkatza egun berean hil zela.

Asteartean Goiko plazako inguruan bizi den familia batek bi hontz-zuri topatu zituen bere etxean. Udalarekin harremanetan jarri eta gero, herritar batek eraman zituen eta Martiodako basa animalien suspertegiarekin jarri zen harremanetan euren esku uzteko.

Edonola ere, gau horretan familia berak beste bi ale aurkitu zituen eta aipatutako herritarrak jaso zituen. Atzo Martiodako zentroak hartu zituen bere gain.

Espazio horren arduradun batek Aiaraldea hedabideari azaldu dio hontz-zuriak txitak direla oraindik, baina bere kabuz baliatzeko gai izatetik gertu daudela. "Ikusi behar dugu onartzen duten guk elikatzea eta hala bada, haragi zati txikiak ematen hasiko gara. Gero handiagoak eta, azkenik, aztertuko dugu ehiza egiteko gaitasuna duten. Horrela izanez gero, askatuko ditugu".

Laudion erreskatatutako orkatza hil zen

Bide batez, Martiodako langileak jakinarazi du larunbatean Laudion larrialdi zerbitzuek tratatutako orkatza egun berean hil zela: "Lan asko izan zuten zaintzaileek egun horretan, baina joan zirenean ikustera zein zen animaliaren egoera, orkatza hilik zegoen. Ez dakigu zaurien edo estresaren ondorioz izan ote zen".

Landaluze auzoan aurkitu zuten animalia larunbatean, txakur batek eraso eta gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide