"Norabide eta aurreikuspen eza" leporatu dio Artziniegako EAJk EH Bilduko gobernu taldeari

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 23a, 17:16
Udal gobernu taldeari kudeaketa kaotikoa leporatu dio EAJk. / Aiaraldea.eus

Prentsa oharra atera du Artziniegako EAJk "Bizilagunen eskaerei erantzuteko lanean jarraitzen duela" erakusteko.

Uztaileko udalbatzaren balorazioa egin du Artziniegako EAJk prentsa ohar bidez. Autonomoei ezarritako diru-laguntzak EAJren proposamena izan zirela nabarmendu dute bertan. Encina Castrasana jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu duenez, "gure alderdiak uste du oso garrantzitsua dela laguntza horiek berehala eskuragarri egotea, uztailaren erdialdean baikaude".

FOFELetik datozen 2020ko diru-sarrerak murriztu direnez, udal aurrekontuko partida ezarekiko kezka plazaratu dute jeltzaleek, halaber: "Ezingo dira gastatu merkatua bezalako kultur edo kirol jardueretan pandemiaren ondorioz". Zentzu horretan, EAJko aurreko gobernuak egindako lanari esker lortutako 700.000 euroko geldikina erabiliko dela gogoratu dute, eta "eta egungo egoerak eskatzen dituen lehentasunetan oinarritzea" eskatu.

Igerilekuetako obren harira, aurreikuspenez ez jokatzea leporatu diote EH Bilduri: "Alkateak obraren amaiera datak eman dizkigu, bete ez direnak, horrelako udal obra baten kudeaketaren gaineko inolako erantzukizunik hartu gabe. Joseba Vivancoren ustez, material faltaren errua da beti, eskulan eskasarena, COVID-19rena... egungo erregidorea baloiak kanpora botatzen aditua da".

Encinako taberna eta Torre Artziniega hotela itxita egotearen erantzule markatu dute alkatea, ildo beretik: "Irekitzeko irtenbiderik eza da erantzuna. Ideia faltagatik azpiegiturek itxita jarraitzeak tristetzen gaitu. Udal kudeaketa kaotikoaren ondorioak pairatzen ari da Artziniega, inolako aurreikuspenik gabe". Aurrera begira, oposizio lana egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du alderdiak, "kritika eraikitzailearen bidez eta arduraz. Guretzat garrantzitsuena gure bizilagunak eta haien ongizatea direlako".

EH Bilduren erantzuna

Joseba Vivanco EH Bilduko alkate eta bozeramaileak azaldu duenez, "kritika politikoa zilegi da, gezurra ez horrenbeste". Ostalari, denda eta autonomentzako diru-laguntza deialdiaren gaia bi ekimen bateratzeko eraman zuten osoko bilkurara, gobernuburuaren iritziz, "ez EAJren ekarpenengatik, hilabete guzti hauetan ez dute bat bera ere egin eta seriotasun edota fundamentuz". 

Igerilekuko konponketei dagokienez, alkateak gogoratu du osasun krisiaren ondorioz derrigortu zituztela obrak etetera hilabetez gutxienez : "EAJk bi urte izan zituen obrak bukatzeko eta azkenean guk egin behar izan ditugu. Hotelari buruz, esan beharra dago beraiek itxi zutela eta 6 urtez ez zirela irekitzeko gai izan. Beraz, guk urtebetean zabaldu beharko bagenu... euren kudeaketa txarra bistan legoke. Gainerakoan, egia da EAJk esan bezala alkatea aditua dela baloiak kanpora botatzen, futbolera jolasten nuenean defentsa erdilaria nintzen, eta nire funtzioa aurrerantza patapum egitea zen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide