Artziniegako Udalak oharra zabaldu du hartutako osasun neurrien berri emateko. Joseba Vivanco alkateak aipatu duenez, "asteburu honetan 7 kasu positibo egon dira Artziniegan, eta badirudi datozen egunetan gehiago agertuko direla". Izan ere, oraingoan fokua ez dago lokalizatuta, eta herritarren arteko lotura gabe ugaritzen ari dira eriak.
Hori dela eta, Amurrioko eta Artziniegako osasun zentroko arduradunekin elkartu ostean, ondorengo neurriak jarri dituzte indarrean:
- Kiroldegia, Kultura etxea eta udaletxe zaharra ixtea kirol edo kultur jardueretarako. Liburutegi zerbitzua izango da salbuespena, "orain arte bezala jarraituko du, tailerrak izan ezik".
- Espazio itxietan udalak antolatutako jarduerak etetea.
- Ikastaro eta tailerren hasiera atzeratzea.
- Udal izapideak telefonoz edo posta elektronikoz egitea gomendatzea, beharrezkoa denean soilik bertaratuta.
Alkateak herritarrei luzatu die mezua: "Hau ez da txantxa. Koronabirusa geldiarazteko osasun gomendioei kasu egiten ez badiegu oso egoera delikatuan jarriko gara".
Hargatik eskatu dute behar bezala erabiltzea maskara, distantzia bermatzea, eskuen higienea biderkatzea, espazio itxiak eta gaizki aireztatutakoak saihestea, eta bizitza soziala mugatzea.