Udalaren txosten juridiko batek zalantzan jartzen du ur partzuergoaren disoluziorako jarraitutako prozedura

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 10a, 09:00

Ur partzuergoaren gaineko erabakia aztertzeko denbora eskatu du Artziniegako Udalak.

Kantauriko Urkidetza partzuergoaren etorkizuna ebazteko ezohiko batzarra egingo dute gaur. Artziniegako Udalak eskatutako txosten baten arabera, partzuergoaren disoluziorako jarraitutako prozesuak ez du oinarri juridikorik.

Sei hilabeteko atzerapena eskatu zion Artziniegako Udalak Kantauriko Urkidetzari azken honen etorkizunaren gaineko erabakia hartzeko. Gaur eguerdian da ospatzekoa hori ebazteko ezohiko batzarra eta, tokiko erakundeak aurkeztutako txosten baten arabera, disoluzio prozedura partzuergoaren estatutuen aurkakoa da.

Urbide partzuergoan sartzeko erabakia hartu aurretik proposamena bera aztertzeko denbora eskatu du Artziniegako Udalak, Joseba Vivancok azaldu duenez. Alkatearen iritziz, “presaka etorri da partzuergoa disolbatzeko erabakia, mahaiaren gainean dauden aukerak aztertzeko tarterik gabe”.

Txosten juridikoa mahaiaren gainean

CAKUren etorkizuna ebazteko erabakia sei hilabetez atzeratzeko mozioa onartu ostean, txosten juridikoa enkargatu zuen Artziniegako Udalak partzuergoaren disoluzioa ebazteko jarraitutako prozeduraren zilegitasuna aztertzeko.

Izan ere, CAKUko lehendakaritzak eta gobernu batzordeak partzuergoa osatzen duten entitateei luzatu zien hau disolbatzeko erabakia. Partzuergoko estatutuek, ordea, erabaki hori entitateek soilik proposatu dezaketela zehazten du. “Goitik behera etorri da behetik gora hartu beharreko erabaki bat” azaldu du Vivancok.

Hain zuzen, hori ondorioztatzen du txosten juridikoak: lehendakaritza zein gobernu batzordea ez dagozkien eskumenez baliatu direla partzuergoa desegiteko.

Alternatiba posibleak

Udalak salatu du tokiko erakundeei bi aukera baino ez zaizkiela planteatu Kantauriko Urkidetzaren disoluzioaren aurrean. Partzuergoaren estatutuek, ordea, bestelako alternatibak ere planteatzen ditu. Esaterako, maila ezberdinetan dauden bi entitatek partzuergoaren disoluzioari uko egingo baliote, partzuergoan mantentzeko eskubidea izango lukete.

Aukera hori aztertu nahi dute Artziniegan, Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide partzuergora batu aurretik.

Bilera, gaur

Gaur 13:00etan egingo da CAKUren ohiko batzarra eta jarraian, 14:00etan, disoluzioa bozkatuko duen ezohiko bilkuran. Txosten juridikoa mahai gainean egonda, aldiz, beste egoera bat planteatu ahalko litzateke, udalaren aburuz: bozketa eten eta partzuergoaren etorkizuna sei hilabete atzeratzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide