Gaur amaitzen da Artziniegako Udal Aurrekontuetan ekarpenak egiteko epea

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 14a, 13:15
Herrigunea zeharkatzen duen ur-hornidurako hodi orokorra berritu nahi dute, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Aurrekontu zirriborroaren nondik norakoak azaldu ditu Joseba Vivanco alkateak.

Gaur -urtarrilak 14- amaituko da Artziniegako aurtengo udal aurrekontuen zirriborroari ekarpenak egiteko epea. Posta elektroniko bidez egin daitezke iradokizunak, ondorengo helbidera idatzita:  info@artziniegakoudala.eus. "2021 Udal Aurrekontuari egindako ekarpenak" izenburua jarri behar zaio mezuari. “Proposamen edo zalantza bakoitzari behar bezala erantzungo diogu”, ziurtatu du Joseba Vivancok. 

Aurrekontu-zirriborroa  2.138.047,08 eurokoa da, iazkoa baino 84.757,07 euro txikiagoa. Alkateak azaldu duenez, Aldunditik datorren dirua 85.000 eurotan murriztu delako da murritzagoa aurtengo aurreikuspen ekonomikoa. Gauzak hala, gastu batzuk “egokitu” behar izan dituztela aurreratu du gobernuburuak. Pandemiaren eraginez egin ezingo diren zenbait jardueretarako dirua kendu dute, beste gastu batzuetarako dirua lehenesteko. 
Jaietakoa da murriztu duten partidetako bat, baina aurrerago 38.000 eurora iritsi arte osatuko da, Vivancok azaldu duenez. 

Gizarte arloan, aldiz, diru gehiago inbertituko dute, gizarte-langileari bi lanaldi eta erdi emateko. “Dedikazio hori abuztutik ari da ematen, ordura arte lanaldi eta erdi baino ez zegoelako. Halaber, 3.000 euroko partida berri bat ezarri dugu gizarte-larrialdietarako laguntzen premiazko kasuetarako. Gizarte arloan egiten ditugun bi apustu garrantzitsu direla uste dugu, bereziki lehenengoa, herritarrei zerbitzu hobea ematen diegulako behar oso garrantzitsu batean”. 

Udal arkitektoaren eta gizarte langilearen lanaldiak handitzea aurreikusi dute, besteak beste. Obra ugari ere zehaztu dituzte aurrekontu-zirriborroan

Udal arkitekto eta aparejadorearen dedikazioa astean bi ordu handitzea ere aurreikusi dute aurrekontu zirriborroan. Gauzak hala, aurrerantzean, bi egunetan zazpi ordu egingo du lan behargin horrek. “Proiektu eta obra garrantzitsuak datoz, eta lanaldiaren igoera txiki hori beharrezkoa da, jendearen beharrizan partikularrei ere hobeto erantzun ahal izateko”.

Beste partida batzuk ere handitu nahi dituzte: berdintasunarena, euskararena, obra eta konponketena eta turismo eta merkataritza jardueren sustapenarena. “Kulturari dagokionez, urteko partidari eutsiko diegu, bai eta diru-laguntza kulturalei ere”, azaldu du alkateak.

Obrak

Vivanvok azpimarratu du aurtengoa “urte garrantzitsua” izango dela, “obrei dagokionez”. 
Ur-hornidurako hodi orokorra berritu eta Gordelizerainoko kanalizazioa eraikiko dute, “Barratxi zubitik Bentara doan bideko Arrazuriako Presa eta San Antonio arteko lehen zatia hastearekin batera”. 

Dorrea Hotela egokitzeko obrekin ere jarraitu nahi du tokiko erakundeak, eta Goienkalen hainbat lan egitea aurreikusi dute, “irisgarritasuna hobetzeko”. 

Kultur Etxea eraberritzeko proiektua esleituko dute, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria idaztea ere dute buruan. “Ez ditugu ahaztu nahi jarduera txikiak, hala nola kirol-eremuan kalistenia tresnak jartzea edo hilerrian hobekuntzak egiten jarraitzea, mendien arloko jarduketak ere ez, lau isurbide berriekin, edo Garateko itxiera, soiltzea, edo Peñalban babesak jartzea”, gaineratu du Vivancok.

Eztabaidak mahai gainean

Inbertsioez gain, hainbat eztabaida burutu beharko dituztela aurreikusi du alkateak. Uraren kudeaketaren gaiari heldu beharko diote, Aiaraldeko Ur Patzuergoa disolbatu delako. Beste erronka batzuk ere zehaztu dituzte: “Antzinako Azoka egin nahi dugun eztabaidatzea, zuen ekarpenekin kirol-eremuak etorkizunean nolakoa izan beharko lukeen diseinatzea, herrian euskararen sustapena dinamizatzea lortzea, Artziniegako turismo-eskaintzan lanean jarraitzea... erronka asko gainditu behar dira”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide