2,18 milioi euroko aurrekontua izango du Artziniegako Udalak, iaz baino 36.000€ gutxiago

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 9a, 07:05
Alde zaharreko sarbidea hobetzeko obra da egingo duten inbertsioetako bat. / Aiaraldea.eus

Arabako Foru Aldunditik 942.921 euroko laguntza bideratuko dute udalerrira. Inbertsioen artean Dorre-hotelaren eraikinaren atonketa, Arteko Landako hainbat inbertsio eta eskolako zenbait hobekuntza daude.

2.186.563,08 euroko aurrekontua izango du aurten Artziniegako Udalak, iaz baino 36.000€ gutxiago. Arabako Foru Aldundiko diru-laguntzaren zenbatekoa ere badakite dagoeneko, 942.921€. Joseba Vivanco alkateak azaldu duenez, iaz baino 100.000€ gutxiago izango ditu orotara tokiko erakundeak. Inbertsioetara bideratuko dute diru gehiena, eta ondorengo lanak gauzatuko dituzte aurten:

  • Ur saneamenduaren sarea berritzea (frontoiko aparkalekuaren urbanizazioa barne)
  • Gordelizera ura eramateko sarea egokitzea (Barratxi zubitik Bentarako bidea barne)
  • Dorre-hotelaren eraikinaren atonketa
  • Arteko Landako komunen berriketa eta informazio panelak jartzea bertako zuhaitzak ezagutarazteko
  • Eskolako argiztapen sistema aldatzea eta haurreskolako estalgunea konpontzea
  • Frontoiko eta futbol zelaiko argiztapen sistema berritzea
  • Alde Zaharrerako sarbidea hobetzea
  • Artziniegako ibilbideak seinalizatzea

Gizarte Langilearen jarduna handitu egin dute jada, Vivancoren hitzetan: "Oso garrantzitsua da guretzat 2.5 egunez egotea gizarte langilea, baita 3.000 euroko partida berri bat gehitzea larrialdi laguntza berezietarako". Horrez gain, arkitekto eta aparejadorearen kontratua handitu dute astean bi orduz.

Bestelako egitasmoak ere jakinarazi dituzte. Udalbiltzak, esaterako, kultur egitasmo euskaldun bat sustatuko du Artziniegan, Euskal Herriko beste 20 tokitan bezala. "Kultura Etxeko erreforma proiektuaren erredakzioa ere aurten egingo dugu, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren esleipena ere".

Alkatearen hitzetan, Artziniega hobetzeko jarraituko dute lanean: "Parte hartzerako hainbat bide zabaldu nahi ditugu, Antzinako merkatutik hasi eta kiroldegiaren etorkizuna erabakitzeraino, komertzio eta turismoaren sustapen planak ahaztu gabe". Bestalde, Artziniega Museoa fundazio bilakatzeko bidea ere jorratuko dute Arabako Foru Aldundiarekin eta Artea Etnografia Elkartearekin, "bideragarritasuna bermatzeko".

EAJren kritikak

EAJk, bere aldetik, prentsa oharra atera du jeltzaleen zenbait proposamen aintzat hartu ez direlako: "Ez dugu anbiziorik ikusten Artziniegaren etorkizun, erronka eta berrikuntzarekiko; ezta gure herriak eboluzio eta etengabeko hobekuntza arloan izan behar dituen erronka garrantzitsuekiko ere". Aurrekontuak iragan udalbatzan onartu ziren, proposamenaren aldeko EH Bilduren 5 botorekin, eta EAJren kontrako 3 bozekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide